Hernanik berdindu, Zarautzen Ohorezko Erregionalean eta Mundarrok irabazi, Preferentean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 5a, 00:00

Lehia estua izan zuen Mundarrok Usurbilekin, partidu osoan zehar.

Bana bukatu dute mutilek eta Tolosaren aurka 3-1 irabazi dute Ohorezko Erregionaleko neskek. Astigartar mutilek 2-0 garaitu zuten Getariako Zarkumendegin, baina neskek 1-2 galdu zuten Usurbilen aurka Preferentean.

Orokorrean asteburu ona izan da Hernani eta Mundarroko taldeentzat. Hernaniko mutilek Ohorezko Erregionalean bana berdindu zuten Zarautzen eta berdinketa honekin lau partidutatik ez dute bakarra ere galdu. Hala ere, horietatik hiru berdindu dituzte, hori bai, talde sendoen aurka.

Neskek, maila berean, denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuten, Tolosari 3-1 irabazi eta gero. Nahiz eta aurreneko partidua galdu etxean, buelta eman diote egoerari eta gora begira jarri dira. Partidu borobila osatu zuten hernaniarrek.

Garaipena lortu zuen beste taldea, Preferente mailan, Mundarro izan zen mutiletan. Getariako 2-0 menderatu zuten Zarkumendegin. Bigarren zatiko 15garren minutuan aurreratu ziren astigartarrak jokaldi  on bati esker. Baloia Marcosi iritsi zitzaion eta honek arratsaldeko lehen gola egin zuen. Hurrengo minutuetan moreek partidua kontrolpean zuten baina gutxinaka-gutxinaka presa sartu zitzaion taldeari. Ez zen gai izan partidua erabakitzeko denbora gehigarrira iritsi arte. Orduan, talde jokaldi on batean, Errastik Zabalari bigarrena egiteko pasea eman zion eta honek ez zuen hutsik egin ate aurrean bigarrena egiteko.

Maila berean, Hernaniko mutilek erakustaldia eskaini zuten Zubipen, Usurbilen aurka, eta denboraldiko lehendabiziko garaipena lortu zuten 4 eta 1. Partidu bikaina jokatu zuten.

Zorterik izan ez zutenak, Mundarroko neskak izan ziren Preferente mailan. Partidua oso orekatua izan zen Usurbilen aurka, baina bigarren zatian usurbildarrak gailendu ziren 1-2. Hego haize zakarrak sortutako bero sargoriak eragin zuzena izan zuen partiduan, bi taldeak kaltetuz.

 

Jubenilek aurreneko garaipena, Beasainen kontra

Hernaniko jubenilek denboraldiko aurreneko garaipena lortu zuten Beasainen aurka, Zubipen jokatutako partiduan. Hernanik denboraldiko lehendabizikoa 2-1 eskuratu zuen eta atzeko postuetatik irten da, nahiz eta oraindik denboraldia hasi besterik ez den egin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!