Hasi dezagun ikasturtea behar den bezala

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 2a, 00:00

Hirugarren denboraldiak publikoa erakartzen du.

Udara amaitutzat eman dugun momentu honetan bueltan naiz zuekin. Tenperaturak behera egiten hasi diren une apropos honetan itzuli naiz, etxeko goxotasunarekin bueltan, mundu katodiko nahiz sarean aurkitzen diren telesail berri edo interesgarrienak zuengana ekartzeko.

Onartu beharra dago, iraila eta urria, beti izaten direla hilabete oparoak. Telebista munduko kate tradizionaletan, denboraldi berrien hasieratzat jotzen den unea da hau eta halaber, estreinuz beteriko momentua dugu. Hauei denei begirada bat ematea ezinezkoa denez, gutxi batzuk aipatuko ditugu betiko moduan. Dena den, ekarriko ditudan programak jada ikusita dituzuenontzat eta gauza berrien bila bazabiltzate, biziki gomendatzen dizuet ‘Tv Calendar’ web orria, https://www.pogdesign.co.uk/ url-ean aurkitzen dena. Bertan azaltzen den egutegian izango duzue telesail ezberdinen estreinaldi eta informazio gehigarria. Betiko programak nahiz estreinaldi berrienak jarraitzen dituen web orria dugu. Bertako erabiltzaile eginez gero, zure telesail propioen zerrenda duen filtroa sortzeko aukera emango dizu, hauek erraz jarraitu eta aurkitzeko edo iristear dauden programa berriei buruz ikasteko. Ohartarazi nahi dizuet dena den, ingelesez soilik dugun orrialdea dela.

Gauzak honela, goazen aurrera. Bost dira gaur zuengana ekarri nahi ditudan proposamenak. Horietatik lau estreinaldi berriak eta bostgarrena telesail baten itzulera. Era berean, hauetako hiru Netflix plataformaren barruan daudela ikusirik beste biak lehenik aipatuko dizkizuet gero hauei eta plataformari buruz hitz egiteko.

Nere lehen aipamena, gaztetan zientzia fikzio munduan sartu zidan Isaac Asimov idazlearen liburu sagan oinarritua dagoen Foundation telesaila dugu, Apple TV+ zerbitzuan irailaren 24an estreinatua. Zineetara iritsi berri den Dune pelikularen antzera, alorrean interes jaioa duen jendearentzat eginiko produkzioa dugu. Liburuen tankeran, gutxinaka hazten joango diren lanak ditugu. Bisualki txundigarriak badira ere, ez datoz guri denborapasa erraz bat ematera. Istorioan sartzearen lana guk egin beharko dugu. Gurea izango da gordinean ematen diguten unibertso berri hauetan murgiltzearen prozesua. Horregatik diot, agian badela generoa maitatzen dutenentzat bideratutako gomendioa. Gizakiaren historian milaka urte aurrera egin ostean, milioika planetetan zabaldu den inperio galaktikoaren erortzearen iragarpenean ematen dio hasiera telesailak, eta hemendik aurrerako guztia inkognita hutsa izango da guretzat… gehiago nahi? aukera eman produkzio mastodontiko honi. Niretzat opari txikia izan da.

Bigarren proposamena Alejandro Amenabar zuzendari handiaren La fortuna dugu. Movistar+ zerbitzuan irailaren 28an estreinatua, Paco Roca eta Guillermo Corral elkarlanean ateratako El tesoro del cisne negro komiki paregabean oinarritua, sei atalez osaturiko telesail laburra dugu. Itsasoan aurkitutako ontzi-ondar batek espainiar gobernuaren eta aurkitu duen enpresa pribatuaren artean sortuko duen tira biran izango du oinarria telesailak. Lehen atala ikusi ostean, gogotsu nago ere honekin jarraitzeko eta horregatik ekarri dizuet proposamen hau.

Gauzak honela, gelditzen diren hiru proposamenetara iristen gara. Lehen esan bezela, hirurak Netflix plataforman estreinatu dira irailean zehar. Eta ez dakit nola egiten duten, baina denon ahotan egoteko ohitura dute enpresa honek egiten dituen hainbat eta hainbat lanek. Agian lehenak izan zirelako formatu eta eduki hauek egiten edo agian egindako inbertsio eta apustu fuerteak onura guztiak ekarri dizkietelako, baina arraro egiten zait nire inguruan, plataforma hau ez duen norbait aurkitzea edo aipatuko ditudan hiru telesail hauetako bat ez ikusi izana.

Estreinuen aldetik, Hangul (gurera El juego del calamar izenarekin iritsi dena) dugu lehena. Battle Royale eta Saw pelikulak nahasten dituen telesail arraro naiz adiktiboa. Biolentziaz eta erokeriaz beteriko bederatzi atal frenetiko. Adrenalinaz beteriko kapituluak, eta pertsonaia bikainak modu eraginkorrean nahasten dituen proposamena. Hori bai, odolarekin mareatzen zaren horietakoa bazara, kontuz!

Zer esan Midnight Mass (Gurean Misa de medianoche), Mike Flanagan zuzendari haundiaren telesail labur berriari buruz ere. The haunting of hill house eta The haunting of Bly manor haundien ostean bueltan dugu, zazpi atalez osaturiko istorio borobil honekin. Kostako herri txiki erlijioso batera bueltatzen den preso ohia eta bertan gertatuko direnak kontatuko dizkigu bertan. Egia esan ez dut traman sartu nahi, zaila delako honetaz hitz egitea ikusi ez duenarekin inongo spoilerretan sartu gabe. Dena den, gidoi bikaina duen kontakizuna dugu, erritmo lasai baina indartsuan hazten dena. Dialogoak biziki jarraitzekoak, pilatzen joango den informazio eta gertaera inkretsentoak eramango gaituen klimax haundirako. Mantsoa bada ere, izua azalean mantentzen dakien lan zorrotz berdingabea dugu.

Azkenik, Sex Education Telesailaren hirugarren denboraldia ekarri nahi izan dut. Besteak, estreinuak izanik, errazagoa izaten dute publiko erakartzeko. Honelako telesail beteranoek ez dute lan erraza izaten puntu goren hori mantendu eta jende berria erakartzeko eta Sex Educationek badaki zer egin. Aipatzekoa iruditzen zait produkzio honetan egin duten lan izugarria. Protagonistatzat jotzen genituen bi pertsonaiek emandako atzera pausoa eta sekundariotzat jotzen genituen beste hainbestek aurrera emandakoa. Trama guztiak modu bikainean elkar landu dituzte, hari nagusitzat dugun eskolan gertatutako aldaketak izanik.

Pertsonaia askotan ikusten hasi garen kapa berri guztiek, bizitzen ari diren krisiekin batera, gazte nahiz helduen bizimodu eta zalantzak modu bikainean isladatzen dituen proposamena suertatu zait. Pertsonaia estereotipikotzat jotzen genituenen atzean dauden hainbat kolore gama ikusteko aukera eman digun denboraldi entretenigarriak, rol ezberdinei atxikitzen dizkiogun aurreiritziak apurtzen saiatu den denboraldi zoragarria izan da.

Biziki gomendatzen dudan telesaila dugu azken hau eta horregatik utzi dut bukaerarako hainbat estreinu bikainen artean. Besterik nahi duenak, badaki non bilatu bestela. Nik honekin uzten zaituztet hurrengo atalera arte. Ondo izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!