Zarkumendegin zein Zubipen jokatuko dira asteburu honetan, bailarako taldeen partidu gehienak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 2a, 00:00

Sara Vea eta June Elizalde, Beti Gazteren aurkako norgehiagokan, Zubipen.

Mundarroko gorengoen mailako bi taldeek etxean dituzte norgehiagokak, Axularren eta Getariakoren aurka. Zubipen, jubenilen nazional mailako taldeak eta emakumezkoen ohorezko erregional mailakoak jokatuko dute, gaur.  

Partiduz josita dator aurtengo asteburua ere. Mundarroko zein C.D. Hernaniko taldeek Zubipen eta Zarkumendegin jokatuko dute gaur eta bihar, eta txapelketan aurrera egitea eta lanean jarraitzea helburu dutela ziurtatu diote Kronikari. Jomuga horrekin, gaurkoan, Astigarragako Gorengoen mailako bi taldeek dituzte norgehiagokak, Zarkumendegin. Gizonezkoek Getariakoren aurka neurtuko dituzte indarrak, 16:00etan. Emakumezkoek, berriz, eguerdian dute hitzordua, Axularren kontra, 12:00etan. 

Joan den astean, emaitza gazi-gozoak jaso zituzten astigartarrek, eta oraingo honetan garaipeneko hiru puntuen bila aterako dira zelaira. Hain justu, gizonezkoek 3-3 berdinketa izan zuten Danenaren aurkako lehian, eta puntu bat lortu zuten arren, gustura gelditu ez zirela adierazi zuten. Izan ere, zelaiaren egoerak zaildu egin zuen astigartarren jokoa, eta airetik bideratu behar izan zituzten partiduko baloi gehienak. Bestalde, emakumezkoen markagailua 2-1 itxi zen Irauliren aurka, etxetik kanpo. Ez zuten lortu garaile izatea, baina maila erakusteko prest azalduko dira gaurkoan. Gainera, etxean jokatzea bultzada izango da moreentzat, eta abantaila horrekin jokatuko dute.

Zita garrantzitsuak, Zubipen

Emakumezkoen talde nagusiak etxean jokatuko du gaur, arratsaldeko 16:00etan. Berdeek Tolosa izango dute aurkari, eta lehia biziko partidua izatea espero da.  

Jubenil nazional mailako taldeak, aldiz, Beasain izango du aurrez aurre, gaur, 18:30etan, emakumezkoen txanda amaitzean. Joan den astean kolpea jaso zuten Athleticen aurkako norgehiagokan; eta, horrenbestez, gertatutakoa ezabatu eta garaipena izango dute helburu, hernaniarrek.  

Ohorezko erregional mailan, gizonezkoen taldeak Astiko zelaian du hitzordua, gaur, Zarautzen aurka,  16:30etan. Orain arteko mailari eustea dute erronka, bikain ari baitira hernaniarrak aurreko partiduetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!