Formatu berriarekin, ondo ekin diote Ur Miak eta Elur Txorik Taldekako Bola Txapelketari

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 2a, 00:00

Ur Miako lau bolariak (beheran), Zarautz 2 taldekoekin batera, EreƱotzun.

Beheko taldeen artean, A multzoko lider dago Ereñotzuko Ur Mia, eta B multzoko bigarrena da Hernaniko Elur Txori, aurreneko itzulia jokatuta. Multzo bakoitzeko onena sailkatuko da finalera, Goiko bi multzoetako onenekin batera.

Etenaldi luze-luzearen ondoren, martxan dira berriro Urumea bailarako bolariak. Gipuzkoako Taldekako Txapelketa ari dira jokatzen, formatu berriarekin.

Izan ere, tiraldietan jende gehiegi ez biltzeko, multzo txikitan ari dira. Gizonezkoetan, lau multzo dira guztira: Beheko A eta B multzo­ak, eta Goiko A eta B multzoak. Hiru talde dira multzo bakoitzean, eta jardunaldi­ro, elkarren kontra aritzen dira bi talde: irabazleak 3 puntu jasotzen ditu, galtzaileak punturik ez, eta berdinketa izanez gero, puntu bana eskuratzen dute. Sei jardunaldiak jokatuta, multzo bakoitzean puntu gehien dauzkan taldea sailkatuko dira finalera. Hortaz, lau talde ariko dira final haundian.

Baina tiraldi bakoitzeko irabazlea erabakitzeko ere, berezia da formatua: lau kidekoak dira taldeak, eta bolari bakoitzak lau tiraldi egiten ditu, aurkari bakoitzaren kontra behin. Horrela, 16 tiraldi dira guztira, eta tiraldi bakoitzeko irabazleak, puntu bat lortzen du bere taldearentzat. Puntu gehien pilatzen dituen taldea da irabazle.

Beheko A multzoan ari da Ereñotzuko Ur Mia taldea, eta ezin hobeto ekin dio txapelketari: orain arte jokatutako bi tiraldiak irabazi ditu. Aurreko asteburuan, Ereñotzun, 13-3 nagusitu zitzaion Zarautz 2 taldeari, guztira 455 brila botata, eta zarauztarrek 347 brila. Bigarren jardunaldian, berriz, Ategorrieta hartu zuten mendean, Donostian. Atseden hartu zuten aurrenekoan, eta Zarautzek irabazi zuen, Ategorrietaren kontrakoa. Horrela, 6 punturekin dago Ur Mia, 3 punturekin Zarautz, eta punturik gabe Ategorrieta.

Hernaniko Elur Txori, berriz, Beheko B multzoan ari da. Bigarren dago une honetan, 3 punturekin. Izan ere, 11-5 irabazi zion Zarautz 1 taldeari, Floridako bolatokian; baina Ostadarren kontra galdu zuen Lasarten (6-10). Tal­de lasartearra dago lider, 6 punturekin; baina Floridan jokatu behar dute bigarren itzulikoa, beraien kontra. Aste honetan ber­tan jokatuko dute hori, eta erabakigarria izango da, finalera zein sailkatuko den jakiteko.

Tiraldi horrekin emango dio­­ hasiera, bigarren itzuliari, aurreko astean bukatu baitzuten aurrenekoa. Ur Miak atseden hartuko du aste honetan. Honen ondoren, beste bi jardunaldi faltako dira, txapelketako ligaxka bukatzeko: Ategorrietaren kontra ariko da Ur Mia, Ereñotzun, urriaren 17ko astean; eta Zarautzen ariko da, urriaren 24koan. Elur Txorik, berriz, Zarautzen jokatuko du urriaren 17ko astean, eta atseden hartuko du ligaxkaren azkeneko jardunaldian.

Beste sei talde ari dira, Goiko bi multzoetan banatuta: A multzoan, Zerain, Gabiria 1 eta Gabiria 2; eta B multzoan, Gabiria 3, Gabiria 4 eta Segura.

Emakumezkoetan, ordea, ez dago Urumea bailarako talderik, eta bi multzotan ari dira: Goiko multzoan Zerain eta Gabiria; eta Behekoan Zarautz, Billabona eta Belauntza-Ibarra.

Finala Donostian jokatuko da, Altzan, urriaren 31n. Bertan ariko da multzo bakoitzeko talde onena: gizonezkoen lau talde, eta emakumezkoen bi talde.

Horren ondoren hasiko da Bakarkako Txapelketa, azaroaren 7an, Urnietan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!