Murrizketak bertan behera, Nafarroan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 29a, 00:00

Ostiralean etengo dira, nahiz eta maskara derrigorrezkoa izango den gaur egun erabiltzen den eremuetan.

Pandemiak Nafarroan hartutako bidea ona dela iritzita, izurriari kontra egiteko neurri gehienak bertan behera uztea erabaki du Nafarroako gobernuak. Gobernuko presidente den Maria Chivitek egin zuen atzo eguerdian iragarpena: «Ostiraletik, Nafarroan ez da izanen murrizketarik».

Halere, zehaztapen bat egin zuen Chivitek: azaldu zuenez, musukoaren erabilera derrigorrezkoa izanen da gaur egun hala arautua dagoen egoeretarako. Horrela, ostiraletik aurrera ere maskara erabili beharko da toki itxietan. Halaber, herritarrei eskatu die higiene neurriak hartzen jarrai dezatela.

Osasun sailburuak, Santos Indurainek adierazi zuenez, «oso garrantzitsua da zuhurtasunari eustea. Aldaera berri bat emango balitz, neurriak berriz hartuko genituzke».

Foru administrazioaren menpe dauden neurri guztiak desagertzen dira eta maskara derrigorrezkoa izango da barnealdeetan.

 

Barran kontsumitu daiteke eta dantza-pistak irekiko dira

Ostalaritza sektorean barran kontsumitzea baimenduko da eta dantza-pistak irekiko dira

«Ia normaltasun egoera batean gaude. Ez dago edukiera eta ordutegi mugarik ostalaritzan», esan zuen  Maria Chivitek. Haur Hezkuntzan, maskararik ez dagoenean, konfinamenduak mantenduko dira kutsadurak daudenean. Lehen Hezkuntzan, ez», zehaztu du Chivitek.

«Maskara derrigorrezkoa da barnealdean eta kanpoaldean, distantziarik ez badago», esan zuen Indurain sailburuak.

«Murrizketak amaitu dira, lurraldeen arteko akordioetatik eta hezkuntza eta kirol arloko ekintza koordinatuetatik eratorritakoak izan ezik», eta maskarak erabiltzearekin zerikusia duen guztia, oraindik ere derrigorrezkoa dena, zehaztu zuen Chivitek.­

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!