Beldur Barik lehiaketa martxan jarri da eta lanak bidali daitezke

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 28a, 00:00

12-26 urte bitarteko gazteei dago bideratua eta azaroaren 5era arte bidali daitezke hiru minutuko iraupena izan dezaketen bideoak.

Beldur Barik programak gazteei zuzenduriko lehiake­ta­ren 12. edizioa aurkeztu eta hasiera eman dio. 2021eko ekimenerako irudia Uxue Bereziartua ilustratzaile hernaniarrak sortu du, iaz Errenelazioa lanarekin ikus-entzunezko saria irabazi ostean, eta Kai Nakai artista gasteiztarrak Nahikoa dela kantua osatu du. 


Her­naniko lehiaketak be­rriz seigarrena beteko du. Lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da eta aurtengo edizioa berezia izango da, koronabirusak markatuta datorrelako. 


Aurkezpenean  «kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromezu pertsonal eta kolektiboa islatu behar dute lanek» zehaztu zuten.  Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu eta gehienez hiru minutuko iraupena duten ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztuko dira, azaroaren 5era arte hiru kategoriatan.
Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak.


Sariak honako hauek izango dira: kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaio. Lan sarituak 2021ko azaroaren 26an ezagutzera emango dira. Herri-bozketa azaroaren 11tik 12ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus webgunearen bidez. Tokian tokiko lehiaketak ere jarriko dira martxan 100 euroko sariekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!