Tigrayn (Etiopia) bizitzen ari diren larrialdi-egoera ikusarazteko eta laguntza humanitarioa bidaltzeko, dirua biltzeko, boluntario-talde batek transpirenaika burutzen ari dira bizikletan, Tigray-ren aldeko pedalkadak lelopean. Larunbatean hasi ziren, Rosesen (Katalunia), eta igandean amaituko da, Hondarribia-Donostia etapa gehigarri batekin.
Tigray-ren aldeko pedalkadak Enara Oronozen proposamen altruistatik sortzen da. Enara Oronozek Tigray ongi ezagutzen du eta transpirenaika zenbait txirrindularirekin egiteko antolatu du, hala, Etiopiako krisialdi humanitarioa agerian uzteko.
Nazioarteko komunitatearentzako ia ikusezina den hamaika hilabeteko gerra zibilean arreta jartzea da beste helburua. Joan den larunbatean Etiopia Utopia Fundazioak abiatu zuen bizikleta martxaren helburu bikoitza da. Hondarribian amaituko da martxa larunbatean, eta hurrengo egunean azken etapa bat hasiko da Jaizkibelen barrena Donostiaraino, nahi duenak bat egiteko aukera izango du.
«Hango egoera latza eta dramatikoa da», adierazi du Imanol Apalategik, 2009an jaio zen fundazioko presidenteak, Angel Olaran erlijioso hernaniarrak Wukron (Tigray) egiten ari zen lanaren babesean.
Pasa den urteko azarotik gerra gogorra ari da jasaten Etiopia
Hain zuzen ere, eskualde horretan, azaroaren 4an, piztu zen gatazka, eta herrialde osoan dago oraindik zabaldua. Eta gaur egungo gerra-egoera guztietan bezala, biztanleria zibila da biktima nagusia. «Egunero hiltzen dira pertsonak, emakumeak bortxatzen dituzte, jendeak ez dauka jatekorik... Hori gaur bertan gertatzen ari da eta ez dauka ez zabalkunderik, ez eta bisibilitaterik», deitoratu du Apalategik, eta horregatik abiatu du Etiopia-Utopiak kanpaina laguntzarekin jarraitu ahal izateko, nahiz eta «komunikazioak eten egin diren».
Nazio Batuen Erakundearen arabera, 5 milioi etiopiar baino gehiago larrialdi humanitarioan daude, eta horietako ia milioi bat arrisku larrian daude goseteagatik; gainera, ehunka mila pertsona beraien etxeetatik joan behar izan dira desplazatuta. «Guk ura hornitzeko proiektuarekin jarraitzen dugu, eta 50.000 euro bideratu ditugu, baita hazien beste kanpaina bat martxan jartzeko, gerra hain bizia ez den zonaldeetako familiek erein ditzaten». Era berean, higiene-kitak banatuko dituzte, «txilibitua eta linterna barne, emakumeek bisibilitatea lortzeko eta bortxatuak izateko arriskua murrizteko».
Laguntza eman nahi duenarentzako fundazioak crowdfunding solidarioa kanpaina jarri dute martxan eta informazio https://etiopiautopia.org/eu/ webgunean lortu daiteke. Bertan ekarpenak egin daitezke. Diru hori edateko ura, haziak eta higienerako eta duintasunerako kit-ak erosi ahal izateko erabiliko da.