Joan den asteburuan eman diote segida, Urumea bailarako palistek, Gipuzkoako Txapelketari. Sei partidu jokatu dituzte guztira, maila desberdinetan.
Neska nagusien bigarren mailan, garaipena lortu zuten Eider Otaegi eta Eli Gutierrez hernaniarrek (30-19), eta Ekhine Balerdi eta Ainhoa Urien herrikideek (30-25); baina porrota jaso zuten Marina Del Rio eta Izaro Arraras astigartarrek (7-30). Mutil nagusietan, berriz, galdu egin zuten Ander Arandia eta Iker Zurutuza hernaniarrek (21-25), alde haundiarekin atzetik izan ondoren 21na berdintzea lortu zuten arren. Hirugarren mailan, ordea, irabazi egin zuten Larramendi eta Zubiarrain astigartarrek (25-9). Eta neska jubeniletan, Enarak eta Alaitzek irabazi zuten bikote hernaniarren arteko lehia, Laia eta Iratiren kontra.
Baina txapelketa ofizialetan ez ezik, Eman Pelotari jaian ere aritu dira, Emakume Pilotarien Elkarteak antolatuta, Hondarribiako Emeki taldearen laguntzaz. Bertan aritu ziren Ariane Arrieta, Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena hernaniarrak, elite mailako partiduan, eta pelotari hasiberriekin jokatu zuten kinielan. Epaile lanetan aritu zen Garbiñe Tijero hernaniarra.
Eta Martuteneko kartzelan ere izan ziren EPEko kideak, Irazustabarrena bera eta Maider Mendizabal: kartzelako txapelketaren finalak jokatu ziren ostiralean, eta haiek banatu zituzten sariak. Gainera, beraiek ere aritu ziren jokatzen, bertako presoekin batera. «Oso esperientzia polita» izan zela nabarmendu zuen Irazustabarrenak.