Gozotik zein gazitik izan du asteburuak, Urumea bailarako esku pelotarientzat. Eta denetan gozoena, Antton Apezetxea goizuetarrak bizi du, Muebles Polque torneo garrantzitsuko finala irabazi baitzuen larunbatean, Iruñeko Labriten: Uriberekin batera, 22-19 nagusitu zen, Murua eta Ibarlozaren kontra. Gainera, sari berezi bat ere jaso zuen goizuetarrak: pelotari jatorrenari Abel Barriola saria.
Final bat zeukan jokoan Hodei Exposito astigartarrak ere, igandean. CD Hernaniko pelotariak Joxean Tolosa torneoko txapela zeukan jokoan, Amezketan; baina ezin izan zuen Eneko Labaka tolosarraren kontra. Sekulako maila izan zuen partiduak, eta biek egin zuten min sakearekin. 15-21 aurreratu zen Labaka, eta partidua erabakita zegoela zirudienean, erantzuteko gai izan zen Exposito, berdintzeraino. Baina tolosarrak lortu zuen tanto erabakigarria, bi pareta eder batekin (21-22).
Gipuzkoako Txapelketan, berriz, 11 partidu izan dituzte bailarakoek; eta mutil nagusien ohorezko mailan, elkarren kontra aritu ziren CD Hernanikoak eta Mundarrokoak: Hodei Exposito eta Markel Lizeaga nagusitu ziren, Harri Loidi eta Ekain Lizeagaren kontra (22-7). Gainerako 10 partiduetatik, bost irabazi eta beste bost galdu dituzte.
Mendialdeko buruz burukoan, bestalde, garaipenen plenoa lortu zuten Umore Onako pelotariek: bost partidu jokatu zituzten Larraungo edo Aurrerako pelotarien kontra, eta denak irabazi zituzten. Beste hiru partiduetan, Umore Onakoak aritu ziren elkarren kontra.
Eta Hernaniko lau t'erdiko txapelketa ere hasi da asteburu honetan. Luze joko du txapelketak, San Joanetarako baitaude aurreikusita finalak. Infantilak izan dira hasi direnak, eta CD Hernaniko 12 pelotari ariko dira maila horretan.