Denetarik, asteburu honetako norgehiagoketan: garaipen argiak, porrotak eta berdinketak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 28a, 00:00

Rufok sartu zuen partiduko lehenengo gola, area kanpoko jaurtiketa bikainaren ostean.

CDHko Ohorezko Erregional mailako taldeek 4-0 eta 0-2 irabazi zuten Eibarren eta Bergararen aurka, hurrenez hurren. Liga Nazional mailako taldeak, porrota: 8-0. Mundarrokoek, gorengoen mailan, 3-3 berdindu eta 2-1 galdu zuten.

Martxa hartuta daude, dagoeneko, Urumea bailarako futbolariak. Astigarragako zein Hernaniko taldeek irailean hasi dute txapelketa, eta gogor aritu dira azken asteburu honetan ere. Hernaniarren kasuan, garaipena izan da nagusi; hain justu, emakumeen eta gizonezkoen lehenengo taldeek 3 puntu batu dituzte Bergararen eta Eibarren aurka, hurrenez hurren. Mundarrokoen emaitzak, berriz, askotarikoak izan dira. Gorengoen mailan, gizonezkoek berdinketa izan zuten Danenaren aurka eta emakumezkoek, aldiz, porrota jaso zuten Irauliren kontrako norgehiagokan.

 

Emaitza onak CDHkoek, lehenengo taldeetan

Bikain aritu dira Hernaniko lehenengo taldeetako jokalariak. Ohorezko Erregional mailako taldeak larunbatean izan zuen norgehiagoka, Zubipen, Eibarren aurka. Berdeek ederki asmatu zuten jokoan, eta jaun eta jabe izan ziren zelaian. Hori horrela, lehenengo gola 15garren minutuan iritsi zen, gutxi gorabehera. Korner batetik etorritako baloi batean, Rufok area kanpotik egin zuen errematea, abiadura biziko jaurtiketa batekin. Horrek indarra eman zion taldeari eta segurtasuna hartu zuten. Garaipena, beraz, argia izan zen etxekoen alde; Elizaldek, Xemarkek eta Josuk gol bana sartu eta 4-0eko markagailuarekin amaitu zen partidua.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak ere garaipena lortu zuen Bergaran. Partidu polita izan zen, lan ona egin baitzuten hernaniarrek. «Baloiak bote arraroa egiten zuen eta gu  ondo egokitu ginen zelaira», kontatu du Aritz Lujanbio entrenatzaileak. Lehenengo zatian, min haundia egin zuten hegaletatik, eta horrelaxe heldu ziren norgehiagokako bi golak: Amaia Lasarena eta Sara Vearena.  Sendo aritu ziren defentsan eta hamarreko maila erakutsi zuten. Bigarren zatian, aurkariek galtzeko ezer ez zutela ikustean, indartsu sartu ziren zelaira. «Dena den, guk ondo erantzun genuen», adierazi du Aritzek. Beste bi gol aukera ere izan zituzten Hernanikoek, baina baloia ez zen hiru zutoinen barruan sartu. Eta bestelakoan, beste hainbat kontraeraso ere izan zituzten eta hor ere mina egin zuten arren, markagailua bere horretan gelditu zen.

Jubenilen liga nazionaleko mailan, hernaniarrek zita garrantzitsua izan zuten Lezaman, Athleticen kontra. Partidua, ordea, hasieratik ilundu zitzaien berdeei. Izan ere, lehenengo zatiaren erdialdean, 20garren minutuan, jokalari bat kaleratu eta 10ekin gelditu ziren zelaian. Kolpe latza izan zen hori eta taldeak ez zuen lortu egoerari aurre egitea. 8-0eko emaitzarekin amaitu zen, azkenean, asteburuko topaketa.

 

Berdinketa eta porrota, Mundarrokoentzat

Gorengoen mailan, gizonezkoen taldeak berdinketa izan zuen Danenaren kontra; emakumezkoen taldeak, aldiz, 2-1 galdu zuen Irauliren aurka.

Astigartarrek Zizurkilen ne­urtu zituzten indarrak, Danenaren kontra. Zelaiaren egoera «onartutako minimotik gertu» dagoela jakinarazi dute Mundarrokoek. Horregatik, diote, «hasieratik» jakin zutela partidua zer nolakoa izango zen: «baloi asko airetik, bigarren jokaldietan atentzio haundia eta baloi geldiaren garrantzia».  Etxekoak horretara ohituta daudela ikusi zen, eta moreei, ordea, kosta egin zitzaien partiduan sartzea. Edonola ere, fin aritu ziren Astigarragakoak eta 3-3koa egitea lortu zuten. Emaitza horrekin, puntu bat gehitu zuten, beraz, sailkapen orokorrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!