«Oso indartsu sentitu naiz, eta pena da ezin aurreko postuetan egotea, akats batzuk egin ditudalako»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 28a, 00:00

Xabier Mikel Azparren, Munduko Txapelketan. Argazkia: RFEC.

Protagonista izan zen Xabier Mikel Azparren astigartarra Flandrian, 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketan. Onenekin lehian aritu zen, baina ezin izan zuen postu on batekin borobildu, bukaeran. «Arantza» geratu zaio. 

Antwerpetik Leuvenera, 161 kilometroko ibilbidea osatu zuten ostiralean, Flandrian (Belgika), 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa lehiatu zuten txirrindulariek. Eta horien artean, behin baino gehiagotan nabarmendu zen Xabier Mikel Azparren asti­gartarra. Juan Ayuso selekzioki­dearentzat lanean aritu zen Azparren, lasterketan zehar; bai­na ez zuen bere egun onena izan Ayusok, eta bere kaxa saiatu behar izan zuen astigartarrak.

Horrela, helmugarako 50 ki­lometro inguru falta zirela, be­hin baino gehiagotan saiatu zen ihes egiten, eta hortik gutxira osatu zen taldetxo bat aurretik. 34 kilometro falta zirela, tropeletik bakarrik ihes egin, eta aurreko talde horretara iristen ahalegindu zen Azparren; baina ezin izan zuen, eta 10 kilometro aurrerago irentsi zuen tropelak.Hortik aurrera, nekea nabaritu eta jokoz kanpo geratu zen astigartarra: 74garren iritsi zen helmugara, Filippo Baroncini ira­bazlea baino 4:30 beranduago.

Edonola ere, berak egindako lanarekin kritiko azaldu zen astigartarra helmugan: «hankak oso indartsu nabaritu ditut, baina esperientzia gutxi daukat lasterketa mota honetan, eta horregatik, hainbat akats egin ditut. Eta hain maila haundiko lasterketetan, horrelako akatsekin ezin duzu aurrean ibili. Harbidea zuten bi igoeretara, gaizki kokatuta iritsi naiz, bi erorketa izan dira nire aurrean, eta erremontatu egin behar izan dut», azaldu zuen. Azparrenek zioen, gainera, ez zela fin ibili taktikoki: «zentzu haundirik ez zuten bi erasori erantzun diet, eta aurretik talde bat joan denean, ezin izan dut sartu. Tarte hori nik bakarrik ixtea oso zaila zen, eta indar guztiak xahutu ditut saiakera horretan».

Horregatik, «pena» zeukan astigartarrak: «arantza geratuko zait. Nire azkeneko Munduko Txapelketa zen 23 urtez azpikoetan, eta hain sasoi onean iritsi eta ezin aprobetxatzea, pena haundia da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!