Mundarrok irabazi du derbia, aurreneko laurdenean hartutako tartea aprobetxatuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 28a, 00:00

Lehia estua izan zuten Mundarrok eta Hernanik bigarren zatian, aurrenekoan gorabeheratsu aritu ondoren.

55-58 nagusitu zitzaion Hernaniri, larunbatean. Hamar punturen aldea lortu zuten astigartarrek aurreneko laurdenean (10-20), eta hortik aurrera hernaniarrak markagailuan gerturatu ziren arren, ezin izan zioten buelta eman.

Mundarrok lortu du garaipena, denboraldiko aurreneko derbi­an, mutilen Gipuzkoako lehenen­go mailan: 55-58 nagusitu zitzaion Hernaniri, larunbat arratsalde­an, Hernaniko kiroldegian. 
Oso berdindua izan zen partidua bigarren zatian, baina ez zen horrela izan hasieratik. Eta hain justu, aurreneko laurdenean lortutako abantaila aprobetxatu zuten astigartarrek, garaipena lortzeko. Izan ere, 10-20 aurreratu ziren lehenengo ha­mar minutuetan, Goyak lortutako 10 puntuei esker. Hernaniren aldetik, Berrondok sartu zituen taldearen 10 puntuak.

Jasotako kolpeari erantzute­ko gai izan zen talde hernaniarra, eta bigarren laurdenean lortu zuen tartea lau puntura murriztea. Horrela, 26-30 iritsi ziren atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, parekatuagoa izan zen lehia, aurreneko zatiko gorabeherarik gabe.Beste puntu bat haunditu zuen tartea Mundarrok, eta bosteko aldearekin iritsi zen azkeneko laurdenera (42-47), baina dena zegoen erabakitzeko, oraindik.

Gogor saiatu ziren hernaniarrak partiduari buelta ematen, Nobleren 8 puntuekin eta Be­rrondoren 5 puntuekin. Eta lortu zuten tartea murriztea, baina ez zen nahikoa izan azkenean: hiru punturen aldea erakutsi zuen markagailuak bukaeran, astigartarren alde (55-58).

Berrondok lortu zituen puntu gehien Hernaniren aldetik, 23 guztira; eta 14 punturekin bukatu zuen Noblek. Mundarroren kasuan, berriz, Goya izan zen saskiratzaile onena, 22 punturekin; 11 punturekin bukatu zuen Agouesek, eta 10ekin Izagirrek.

Larunbat honetan jokatuko dute Mundarrok eta Hernanik, denboraldiko hirugarren partidua. Etxean jokatuko dute astigartarrek, 18:00etan hasita ki­rol­degian; eta Internacional talde donostiarra izango dute aurre­an. Hernanik, berriz, Eibarren jokatuko du ligako hirugarrena, 16:30etan hasita Ipurua kiroldegian, Eibarren kontra.

Mundarroko neskek debuta, Zarautzen kontra
Nesketan, berriz, aste honetan hasiko du denboraldia Munda­rrok, Gipuzkoako lehenengo mai­lan. Etxean jokatuko du estreinakoa, ostiralean: arratsaldeko 19:40etan hasita, Zarautz izango dute aurrean astigartarrek.

Bederatzi talde ariko dira Gipuzkoako lehenengo mailan, denboraldi honetan; Mundarro eta Zarautzekin batera, Goierri, Oiarso, Hoops, Take, Internacional, Easo eta Ostadar. 22 jardunaldi izango dira guztira, baina 16 partidu jokatuko ditu talde bakoitzak, eta beste sei jardunalditan hartuko du atseden. Mundarrok, aurreneko atsedena izango du bigarren jardunaldian, urriaren 17ko asteburuan. Urriaren 22an jokatuko du ligako bigarren partidua, berriro ere Astigarragako kiroldegian, 19:40etan hasita Takeren kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!