Bisita eta irteera bereziak antolatu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 00:00

Aurtengo sagar uztaren barruan, hainbat ekintza proposatu dituzte. Aukera zabala dago adin guztietarako.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eskaintza berezia aurkeztu du aurtengo sagar uztan.  Hain justu, denera, hiru ekintza prestatu dituzte adin tarte guztietako herritarrentzat. Batetik, XVIgarren mendeko tolarea ezagutzeko aukera izango dute jardueretako batean. Bestetik, sagardoa nola egiten den erakutsiko diete  aukera hori hautatzen duten guztiei. Eta, azkenik, bisita eta otordua ere eskaini dituzte sagardotegian.

Tolarea ezagutzeko ekintzan parte hartzeko egunak mugatuak dira: urriak 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 14 eta 15. Guztira, 6 orduko jarduera izango da, goizeko 11:00etatik 17:00etara. Igartubeitiko tolarea ikusiko dute martxan eta, horrez gain, sagar prentsaketa, muztio egin berriaren dastatzea eta bisita gidatua ere izango dute. Horrekin batera, prezioaren barruan daude sagardo dastatzea sagardotegian eta sagardotegiko menu tradizionala.

Bestetik, nork bere sagardoa egiteko azalpenak jasotzeko ekintzan, bisita gidatua, muztio dastaketa eta sagardotegiko menua bazkaltzeko aukera ere izango dituzte. 

Prezioa ezberdina da umeentzat edo helduentzat. Informazio gehiago behar izanez gero edo erreserbak egiteko, sartu www.sagardoa.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!