KlimaBai! lehiaketa jarri du martxan Aldundiak, herritarrak mobilizatzeko klima aldaketaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 25a, 00:00

Aplikazio baten bitartez jokatuko da lehiaketa, eta Google Play eta App Store plataformetan egongo da eskuragarri. Zazpi eremuren inguruko erronka txikiak planteatuko dizkiete herritarrei, ohitura batzuk aldatzeko proposamenekin.

KlimaBai! izeneko lehiaketa jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ingurumen Sailaren eskutik, «herritarrak sentsibili­zatu eta prestatzeko klima-ekin­tzan». Aplikazio baten bitartez jokatuko da lehiaketa, eta baita  webgunearen bidez ere (klima­­bai.aplikazioak.gipuzkoa.eus). Aplikazioa laster egongo da eskuragarri, Google Play eta App Store plataformetan.

Zazpi ekintza eremu izango ditu lehiaketak: energia, elikadura, ehungintza, uraren kontsumoa, hondakinak, mugikortasun jasangarria eta biodibertsitatea. Eta helburua da, herritarrek hausnartzea «egunerokotasunean dauzkagun ohi­­turei buruz, eta horiek aldatzeko moduari buruz, klima aldaketaren aurkako borrokara batuko diren ekintza jasangarriago bilakatu daitezen».

Hori horrela, lehiaketaren helburua da herritarrak mobilizatzea klima aldaketaren kontrako borrokan. «Aipatutako zazpi eremuetan, herritarrek etxetik egin ahal izango dituzten hainbat erronka planteatuko dira. Eta horrela, herritarrek, lehiaketan puntuak pilatu eta azken saria lortzeko aukera izateaz gainera, praktika jasangarriagoak sortuko dituzte eguneroko jardunean».

 

Herritarrei ez ezik, udalei ere zuzendutakoa

Edonola ere, lehiaketa ez dago soilik herritarrei zuzenduta; baita udalei ere. Izan ere, lehiaketan izena eman dezakete udalek. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dituzte ho­rretarako oinarriak, eta Aldundiaren Ingurumeneko webgunean ere eskuragarri daude, helbide honetan: http://gip.eus/ost.

Kontua da, udalerrien arteko lehiaketa gisa planteatu dutela KlimaBai!, eta udalerri bakoitzaren puntuazioa izango da, hain justu, herri horretako familia partehartzaileek lortutako puntuen batura. Horrela, udalek eman beharko dute izena, eta lortu beharko dute herritarrek lehiaketan parte hartzea.

Puntuazio altuena lortzen duen udalerriak, 40.000 euroko saria eskuratuko du. Bigarrenak 20.000 euro jasoko ditu, eta hirugarrenak 10.000 euro. Hortik aurrera, udalerri bakoitzak erabakiko du zein ekintzatan inbertitu eskuratutako saria. Era berean, banakako sariak ere aurreikusi ditu Aldundiak, puntu gehien lortzen dituzten herritarrentzat: auto elektrikoak kontsumitu edo erabiltzeko sariak, adibidez.

Lehiaketan parte hartzeko, herritarrek ere eman behar dute izena, Aldundiaren Ingurumeneko webgunean bertan, KlimaBai! aplikazioan: gip.eus/klima­bai. Hortik aurrera, aplikazioak planteatutako erronkak gaindituta pilatuko dituzte puntuak partehartzaileek.

 

Etxeetan egindako inkestak oinarri, lehiaketa prestatzeko

KlimaBai! lehiaketa diseinatzeko, Ingurumen Sailak kontutan hartu ditu 2020an Gipuzkoako etxeetan egindako inkestaren emaitzak. Izan ere, «herritarrek klima aldaketaren inguruan duten ezagutza maila eta pertzepzioak ezagutzea» zen inkestaren helburua. Horren arabera, «asko» haunditu da herritarren kezka maila, klima aldaketarekiko: «%60 haunditu da, klimarekiko kezka edo kezka haundia duten pertsonen kopurua». Horrela, zehazki, inkesta erantzun duten herritarren %46 agertu da oso kezkatuta edo izugarri kezkatuta, klima aldaketak duen bilakaeraren aurrean.

Beste datu bat ere nabarmendu dute, inkestak aditzera eman zuena, eta lehiaketarako kontutan hartu dutena: inkesta erantzun zutenen %85ak adierazi zuen, neurriren bat hartu duela, pertsonalki, klima aldaketaren aurka borrokatzeko. «Proportzio hori oso haundia da Europako batez besteko proportzioarekin alderatzen badugu (%49). Ekintza hauek erregistratu ziren, nagusiki: zaborra bereiztea, erabili eta botatzeko gauzak ez kontsumitzea, etxetresna eragin­korrak erostea, tokiko establezimendu­etan erosteari lehentasuna ematea internet bidezko erosketen aldean, tokiko eta hurbileko produktuen aldeko apustua egitea, etxean energia aurrezteari buruz informatzea, eta mugikortasun publikoaren edo oinezkoaren aldeko apustua egitea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!