Mendira zein basora joateko, edo laboreak landatzeko aitzaki ederrena: udazkena

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 25a, 00:00
Udako kolore bizietatik, kolore epelagoetara igaro gara. Loreak eder dauden urtarotik, hostoak erotzen diren urtarora. Ongi etorri, udazkenera!

89 egun eta 20 ordu izango ditu aurtengo udazkenak, eta adituen arabera, udazken euritsua dator: «tenperatura freskoak ere etorriko dira».

Gorria, horia eta marroia izango dira nagusi ondorengo hiru hilabeteetan, izan ere, pasa den astean pasa ginen hostoak erortzen diren urtaro goxo eta berezira: Udazkena.

Asteazkeneko gaueko 21:21etan eman zitzaion udazkenari ongi etorria. Urtaro honek, hain justu 89 egun eta 20 ordu iraungo ditu. Abenduaren 21ean udazkenak agur esango du, neguari lekukoa pasata. Adituek azaldu dute, udazken euritsua datorrela, eta tenperatura freskoekin hasiko dugula. Egunak motzagoak izaten hasten dira urtaro honetan, eta hain justu,  urriaren 31n aldatuko da ordua;  goizeko 03:00etan, 02:00ak izango dira, hau da, goizetan beranduago argitzen du eta iluntzeak azkar hartzen du arratsaldea.

Gainera, adituen hitzetan, Artizarra, Jupiter eta Saturno izango dira nagusi zeruan, eta egunsentian, Marte izango da protagonista, azarotik aurrera. Merkurio berriz, urria eta azaroa bitartean.

Azaroaren 19an, ilargi eklipse partziala izango da bai Amerikan, Europan, Asian, Australian eta nola ez, Euskadin ere ilargi eklipse partzialaz gozatzeko aukera izango dute Urumea bailarako herritarrek.

 

Zer erein edo landatu daiteke urrian?

Gezurra badirudi ere, nabari da udazkenean sartuak gaudela jadanik. Izan ere, tenperatura aldaketak egon dira eta hezetasunak horren adierazle direla argi dago. Udazkenean gainera, landareak motelago hazten dira eta haziak zailtasunak izaten dituzte ernetzerako orduan, baina egia da, urrian, eguzkiak berotzen duen egunak eta asteak badaudela, eta horrek lurra epel mantentzea dakar. Eta honek, hainbat labore erein edo landatzeko aukera ematen du, baina zeintzuk? Honako hauek adibidez: espinakak, florentziaz mihilua eta tipulina.

Espinakek, propietate ugari dituzte, baina gehiegi janez gero, azido oxalikoaren eraginez, kalte haundia sortarazi dezakete. Labore honi gainera, ez zaio konpost berria gustatzen eta adituek diote, lur gehientsuenetan hazten dela ondo. 30 zentimetroko tartea duten lerroetan ereiten da landare artean 25 zentimetro distantzia uzten delarik eta 2 zentimetroko sakoneran. Garrantzizkoa da gainera, espinaka zerben familiakoa dela, hosto-errosetak ematen ditu, eta ondorioz, sortu ahala biltzeko aukera dago.

Florentziar mihilua ere, udazkenean erein daitezke. Mota honek, lur aberatsak ditu gogoko eta heldutako materia organikodun lurrak ere gustuko ditu. 30 bider 40ko markoan erein edo landatu ondoren, lan gutxi eskaintzen duen laborea da, izan ere, 5 zentimetro hartzen dituenean mozten da.

Tipula eta tipulinaren artean  jendeak badu maitasuna eta gorrotoa. Tortila patatetan ere berdina gertatzen da, batzuk nahiago izaten dute tortila patata tipula gabe, eta beste batzuk aldiz, ezin tipularik gabeko tortila patatik jan!

Udazkenak, nahiago du tipulina, tipula baino. Izan ere, tipulek udan utzitako hutsunea betetzeko aukera ezin hobea da.  10 bider 25 neurriko landatze markoan ereiten dira, eta oso garrantzitsua omen da belar arrotzetatik babestea zikloaren amaierara arte, eta apirilean biltzen dira.

Hauez gain, beste hauek erein edo landatu daitezke urtaro honetan: errefrautxoa, kanonigoak, txikoriak, borraja, bruselazak, azak eta eskarolak, besteak beste.

Ereiteaz eta landatzeaz gain, basoan murgiltzeko aitzakia ederra da udazkena. Izan ere, onddoak eta perretxikoak biltzeko urteko sasoirik emankorrena da.  Eta ez bakarrik onddo eta perretxikoak, gaztainak biltzeko ere parada ederra ematen dute udazkeneko hiru hilabeteek.

Uda amaiera aldean pixkanaka agertzen dira onddo eta perretxiko batzuk, baina udazkenak atea jotzen duenenean, hauen kalitatea eta kopurua haunditu egiten da. Sasoia euritsua denean eta izoztea aurreratzen ez badira, zelai eta basoak paradisuak bilakatzen dira, onddozaleentzat.

Benetako perretxiko-biltzaile batek ez du argi eta garbi adieraziko non, zehatz-mehatz hartu dituen: txoko guztiak miazkatu, harri zein zuhaitz tartean, erreka-zulo inguruan bilatu eta aurkitzen duenak, sekretupean gordeko du. Nolanahi ere, jarduera honetan zuhurtziak nagusi izan behar du, bai ingurunea errespetatzeko unean, baita ezagutzen ez dugun alea jateari uko egitean ere.

 

Sagarrak biltzeko urtaroa,

Kizkia eskuetan hartuta, sagar bilketan ariko dira asko eta asko, udazkena baita horretarako garai ederrena, izan ere, sagarrak beren heldutasun mailara iristen dira. Sagar bilketarekin batera, muztioa egiteko garaiari ere ematen zaio hasiera. Muztio hau, hiru hilabetez egoten da goxo-goxo kupel barruan, sagardo bilakatzen den arte.

Uda amaitzeak badu tristura puntu bat, baina udazkenak emango dizkigu irribarretsu egoteko ehundaka aukera, seguru!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!