Derbia jokatuko dute Hernanik eta Mundarrok gaur, mutilen 1go mailan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 25a, 00:00

Mundarroko eta Hernaniko jokalariak, aurreko denboraldian, Astigarragan jokatu zuten derbian.

Hernaniko kiroldegian jokatuko dute, gaur arratsaldeko 16:00etan hasita, Gipuzkoako 1go mailakoa.

Bigarren jardunaldia izango da gaurkoa, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan; eta indartsu datoz denboraldiaren aurreneko asteak: derbia jokatuko dute Hernanik eta Mundarrok, gaur arratsaldean. Hernaniko kiroldegian izango da, 16:00etan hasita, eta denboraldiko aurrene­ko garaipena bilatuko dute bai­la­ra­ko bi taldeek.


Joan den asteburuan, porrotaren hasi zuten liga biek. Mundarrok ezin izan zion segi Atletico San Sebastianen erritmoari, donostiarrek bigarren zatian estutu zutenean. Eta hernaniarrei, berriz, azkeneko laurdenean egin zien ihes garaipenak, Añorgaren kantxan.


Gogorra izan zen aurreko denboraldia bi taldeentzat: hasteko, pandemiak guztiz eten zu­elako lehiaketa, denboraldiaren aurreneko zatian; eta ondoren, lehiari berriro ekin ziotenean, ezinean aritu zirelako, gainerako taldeen aurrean.


Ezin izan dute garaipenarekin hasi denboraldia, baina sendo aritu ziren bi taldeak, estreinako partiduaren aurreneko zatian. Eta ondo egindako lanari eutsi beharko diote, denboraldia bide onetik eramateko. Eta horretarako, oso lagungarria izango dute gaurko derbia irabaztea... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!