«Beteta joaten da autobusa eta, batzuetan, ezin dugu sartu ere egin»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 23a, 00:00

Azken hilabeteotan, autobus zerbitzuaren ordutegietan eta geltokietan izandako aldaketak medio, kexatu egin dira bailarako herritarrak.

Joan den uztailean sartu zen indarrean autobus zerbitzu publikoaren kontzesio berria. Horrekin, Urumea bailaran ere aldaketak izan ziren ordutegietan eta geltokietan. Gertatutakoaren aurrean, herritarrek murrizketak salatu eta kexak adierazi dituzte. Besteak beste, helarazi dute herritarrak eta garraio publikoa autobus zerbitzu berriaren «galtzaile» irten direla.

 

Aforoa beteta eta autobusak maiztasun gutxirekin

Lurraldebusek egindako aldaketen harira, bailarako herritar baten testigantza jaso du Kronikak: «lehen, goizeko 07:00etan hartzen nuen autobusa lanera joateko. Orain, berriz, aldaketak egon direnez, ez dut aukera hori eta 07:15etakoa hartu behar izaten dut. Hala ere, beteta joaten da eta, batzuetan, ezin dugu sartu ere egin. Beraz, berandu iristen naiz».

Laburbilduz, dio, «kaosa» izaten dela goizero-goizero: «jendea lanera, umeak eskolara... Ikasleek autobus gidariari sartzen uzteko eskatzen diote, eskolara joan behar dutelako. Baina lekurik ez dagoenez, ezezkoa ematen die eta hortxe gelditzen dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!