DBHko titulua jasoko dute Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 00:00

Hezkuntza Legea aldatu da, eta, horrela, zenbait berrikuntza jarriko dira indarrean. Horien artean, OLHari dagokiona azpimarragarria da.

Hezkuntza Legeak (LOMLOE) hainbat moldaketa izan ditu, eta, horrekin batera, zenbait berrikuntza jarriko dira indarrean datozen asteetan. Horien artean, nabarmentzekoa da Oinarrizko Lanbide Heziketakoa (OLH). Izan ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua emango diete OLHko ikasleei.

Orain arte, OLHko ikasleek lortzen zituzten OLHko titulua eta kualifikazio profesionalen tituluak. Ondoren, Lanbide Heziketako ikasketak amaitzean, erdi mailako ikasketak egiteko aukera izaten zuten. Baina, aurrerantzean, hori guztia lortzeaz gain, DBHko titulazioa ere izango dute.

 

Berri onak, Hernaniko OLHko ikasleentzat ere

«Aldaketa hau oso berri ona da», aipatu dute Hernaniko Lanbide Heziketako zentroko arduradunek. «DBHko bideaz gain, beste bide praktikoago baten bidez, DBHko titulua lortu dezaketelako. Gainera, Lanbide Heziketan, azkeneko hiruhilekoan, enpresatan egiten dituzte praktikak. Beraz, gero, ikasten jarraitu eta edozein erdi maila egiteko, askoz prestatuagoak egoten dira».

Hernanin, Gizarte Berrikuntzako Lanbide Heziketako institutuan, Oinarrizko Lanbide Heziketa egiteko aukera dago. Are gehiago, ikasketa horiek sistema publikoan eta D ereduan eskaintzen diren zentro bakarra da bertakoa. Hari beretik, aurtengo ikasturtean bide hori egin nahi dutenek, aukera dute matrikula egiteko; urriaren 15a izango da izena emateko azken eguna. 

«Ikasketak amaitzean, ikasleak lanean has daitezke; edo, bestela, erdi mailako ikasketekin jarraitzeko aukera ere izango dute», aurreratu dute zentrokoek. Informazio gehiago behar izanez gero, zentrora bertaratu (Karmelo Labaka 7) edo telefonoz deitu daiteke 943 55 19 58.

Berri onak jaso dituzte Hernaniko Transpacarreko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek ere. Zentroko espezialitatea da ibilgailuen konponketarako langile prestakuntza, eta helburu dute Irakaskuntza arautuetan ikasten jarraitzea, bereziki, Lanbide Heziketako Erdi Mailarako Prestakuntza zikloan. Bertako ikasleek ere, ikasketak amaitzean, DBHko titulua jasoko dute. Horrenbestez, LOMLOEren moldaketarekin, berri onak besterik ez dituzte jaso bailarako ikasleei zein irakasleek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!