Atzo hasi zen Pfizer txertoaren hirugarren dosiaren txertaketa, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Erabakia joan den astean hartu zuen Osasun Publikoaren Batzordeak. Hori horrela, Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bitartekoak antolatu dituzte txertoa «lehenbailehen» jartzen hasteko.
Foru Aldundiak jakitera eman du atzo, 132 egoiliar txertatu zituztela Irungo Caser Residencial Anaka zentroan. Martxa hori hartuta, Gipuzkoako adineko egoitza guztietan ere prozesu bera jarraitzea aurreikusi dute. Horrenbestez, gaiaren gaineko informazio gehiago oraindik ez badago ere, Hernanikoan ere hirugarren dosia jarriko diete adinekoei.
Adinekoei eta desgaitasunen bat dutenei jarriko diete txertoa
Arduradunek azaldu dutenez, 23.000 bat herritarrek jasoko dute indartze dosi hori. Zehazki, adinekoei eta desgaitasunen bat dutenei jarriko diete koronabirusaren aurkako hirugarren txertoa.