Mendialdeko Buruz Buruko Txapelketan, Goizuetako Umore Ona elkarteak jokatutako partidu guztietan lortu zuen garaipena, pasa den ostiralean eta larunbatean. Horietatik hiru partidu Umore Onako bikoteen artean jokatu ziren, beste lau Aurrera klubeko pilotarien aurka, eta beste bi Larraungo pilotarien kontra. Sein, neska, kadete eta gazte mailan lortu ziren garaipenak.
Bestetik, emaitza oso ezberdinak izan dituzte Hernani eta Astigarragako pelotariek, Gipuzkoako Txapelketaren lehenengo jardunaldian. CD Hernani taldeko pelotariek ostiralean hasi zituzten partiduak, denboraldi berrian, eta orokorrean emaitza onak lortu zituzten. Guztira bost garaipen eta hiru porrot lortu dituzte. Mundarrokoek, berriz, garaipen eta porrot bana lortu dute, aurreneko asteburuan.
Hernaniarren artean, asteburuko emaitza onenak lortu dituzte Iñigo Urkizu eta Iñigo Labakak, senior lehenengo mailan; Xabier Salaberriak eta Xabier Ortiz de Urbinak, senior bigarren mailan; eta Xabier Apaolaza Mikel Lasak, senior hirugarren mailan. Horrela, beraien helburuak lortzeko lehen urratsa eman zuten.
Emaitzarik txarrena nagusien ohorezko mailan lortu zuten Hodei Exposito astigartarrak eta Markel Lizeaga hernaniarrak, 22-12 galdu baitzuten Gipuzkoako egungo txapeldunen aurka (Azketa eta Elizegi). Partidu zaila zen, eta lehen urratsa ez da ona izan.
Maila berean, Mundarroko Oier Gurutzealde eta Jokin Santxezek ere ez dute nahi bezala hasi txapelketa. 22-7 galdu zuten Pagazperen kontra.
Jubenilen, lehenengo mailan Jon Jarak eta Unai Etxarrik 22-14 galdu zuten, Oiarpeko bikotearen aurka. Kadeteetan Mundarroko Zabala eta Urdangarinek 22-11 irabazi zuten Aloña Mendiren aurka. Eta Euskal Jaietan, Salaberriak eta Labakak 22-18 irabazi zuten Urkizu eta Ortiz de Urbinaren kontra.
Macicior eta Oses final laurdenetara sailkatu dira Gartzarongo Txapelketan
Gartzarongo Txapelketa pribatuan, bestalde, final laurdenak jokatzeko sailkatu dira Macicior eta Oses alebin hernaniarrak. Olaso eta Beroizi (Villaba) 18-16 irabazi zieten, final zortzirenetako kanporaketan.
Oraindik izena eman daiteke Hernaniko pelota eskolan
2010, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako haurrek, CD Hernaniko pelota eskolan izena eman nahi badute, irailaren 30era arte egin dezakete. Horretarako, kiroldegiko pelotalekura joan behar da, astelehenetik ostegunera 17:30etatik 19:00etara, eta Rufino Rekalde ordezkariaz galdetu. Informazio gehiago behar izanez gero, 656 793 990 telefonora deitu daiteke. Hori da pelotan hasteko modurik egokiena.