Bigarren zatian egin zien ihes garaipenak Hernaniri eta Mundarrori, mutilen Gipuzkoako 1go mailako estreinakoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 00:00

22 puntu lortu zituen Hodei Noblek, eta 25 puntu Ander Berrondok, Hernanirekin.

Atsedenaldira berdinduta iritsi ondoren, 34-49 galdu zuen Mundarrok Atletico San Sebastianen kontra, eta 70-61 Hernanik Añorgaren kantxan. Derbia jokatuko dute larunbatean, eta ostiralean egingo dute debuta Mundarroko neskek.

Porrotarekin hasi dute denboraldia Mundarrok eta Hernanik, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan. Eta bi taldeei, bigarren zatian egin zien ihes garaipenak, atsedenaldira berdinduta iritsi ondoren: 34-49 galdu zuen Mundarrok etxean, Atletico San Sebastianen kontra; eta 70-61 gal­du zuen Hernanik ere, Donostiako Benta Berri kiroldegian, Añorgaren kontra.


Primeran ekin zioten partiduari astigartarrek, eta 6-0 aurreratu ziren markagailuan; baina buelta eman zion Atleticok, eta 12na bukatu zuten aurreneko laurdena. Parekatua izan zen bigarrena ere, donostiarrek lau punturen aldea lortu zuten arren, atsedenaldira aurretik iristeko (21-25). Baina aldageletatik bueltan hautsi zen partidua: astigartarrek apenas lortu zuten lau puntu sartzea, eta ihes egin zuen Atletico San Sebastianek, azkeneko laurdenaren faltan (25-36). Eta ahaleginak egin arren, Mundarrok ezin izan zuen garaipenaren lehian sartu berriro, azkeneko minutuetan.


Gehiago eutsi zien bere aukerei Hernanik, Añorgaren kontra; eta berdinduta iritsi ziren azkeneko laurdenera ere. 20-18 aurreratu ziren añorgarrak, aurreneko 10 minutuetan, baina buelta eman zion Hernanik, atsedenaldiaren aurretik, eta 38-39 aurretik zirela egin zuten aldageletarako bidea. Oso berdinduta jarraitu zuen partiduak, hirugarren laurdenean ere, eta bi punturen aldearekin iritsi ziren hernaniarrak, azkeneko 10 minutuetara (48-50). Baina orduan, gehiago izan zen Añorga, eta ezin izan zuen bere maila onena erakutsi Hernanik: 22-11ko partziala lortu zu­ten etxekoek, partidua irabazteko. Edonola ere, Hernaniko bi jokalari nabarmendu ziren, ligako estreinako partiduan: 25 puntu lortu zituen Ander Berrondok, eta 22 puntu Hodei Noblek.


Datorren asteburuan, derbia jokatuko dute Hernanik eta Mundarrok, ligako bigarren jardunaldian. Larunbatean izango da, arratsaldeko 16:00etan hasita, kiroldegian. Nesken Gipuzkoako 1go mailan, berriz, ostiralean hasiko du denboraldia Mundarrok: etxean ariko da, 19:40etan kiroldegian, eta Zarautz izango du aurrean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!