Mundarroko talde nagusiak, Preferente mailan garaipen ona lortu zuen Billabonaren aurka Zarkumendegin. 3-0ko markagailuarekin gainditu zuten aurkaria denboraldiko lehendabiziko garaipena lortuz. Oraindik hiru puntu lortu ez dituena Hernani izan da Ohorezko Erregional mailan. Andoainen, Euskaldunaren kontra, bana berdindu zuen eta bi partiduetan bi berdinketa lortu dituzte.
Denbora luze baten ondoren Astigarragako lehen taldeak partidu ofizial bat jokatu zuen etxean, hau ez zen aurreko urteko martxotik pasatzen.
Zarkumendegiko harmailetan berriz ere jendea ikusteak motibazioa ekarri zion taldeari eta hamargarren minuturako bi goleko errenta lortu zuten astigartarrek, golak Prietok eta Mikel Mendiburuk sartu zituzten. Hala ere, albiste txarrik ere izan zen eta ordu erdirako bi aldaketa burutu behar izan ziren lesio ezberdinen erruz. Horrek lehen minutuetako erritmoa galtzea ekarri zuen, nahiz eta zelaian ondo kokatuta jarraitu zuen taldeak eta Billabonak ez zuen arriskurik sortu.
Bigarren zatia lehen zatia baino nahasiagoa izan zen, falta ugari izan zirelako. Jarraipen gutxiago izateak aurkariari mesede gehiago egin zion eta pare bat aukera izan zituzten emaitza murriztu ahal izateko baina etxeko atezainak geldiketa bikainak egin zituen alde batetik eta bestetik marrazainak baliogabetuta utzi zuen Billabonaren gol bat.
Bestalde, moreek gerturatze on batzuk izan zituzten eta horren saria denbora betetzera zijoanean iritsi zen Mateosek berak borrokatutako baloi bat sare barrura sartu zuenean.
Preferente maila honetan, Hernaniko bigarren taldeak 0-1 galdu zuen Zubipen Oriokoren kontra. Oraingoz jokatutako bi partiduak galdu ditu Hernanik, baina denboraldia hasi besterik ez da egin. Preferentean hiru multzotan daude banatuta taldeak eta Hernani eta Mundarro bigarrenean daude.
Hernaniko zaleek ez zuten garaipen askorik ikusi Zubipen. Ohorezko Erregional mailako neskek ere galdu egin zuten, 0-1 Lesakako Beti Gazteren aurka. Denboraldia ez dute hasi modurik onenean, baina hasi besterik ez da egin.
Nahiz eta ez irabazi, lan ona egin eta berdinketa baliotsua eskuratu zuen Hernaniko Jubenil Nazional taldeak. Antiguoko indartsuaren aurka bina berdindu zuten Zubipen. Aurreko astean Santutxuren aurka galdu eta gero denboraldiko lehendabiziko puntua lortu dute.
Mundarroko neskek Preferenteko derbia irabazi diete Hernanikoei
Nesken Preferente mailan, denboraldiko lehenengo partidua derbi bat izan zen, Mundarro eta Hernaniren artekoa. Zarkumendegin jokatu zuten eta astigartarren debuta ezin hobea izan zen. 1-0 irabazi zuten moreek eta maila honetan jokatzen duten lehenengo partidua ez da denbora luzean ahaztuko. Gainera, garaipena eskuratuta gustura izango dira, eta are gehiago derbia izanik.
Sorta zozketan zenbaki saritua: 800
Pasa den ostiralean, C.D. Hernani futbol taldeko lehenengo sorta zozketa izan zen. Zenbaki saritua 800 izan da, Guria tabernan banatutakoa.
Hurrengo zozketa irailaren 24an izango da. Errifak Hernaniko taberna ezberdinetan daude salgai.