Atzo hasi zuen Xabier Mikel Azparrenek bere partehartzea, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan, Flandrian (Belgika). Erlojupeko proba jokatu zuen, Knokke-Heistetik abiatu eta Bruggen bukatuta; eta 21garren sailkatu zen astigartarra, 68 partehartzaileren artean. 35:55 denboran osatu zuen Azparrenek, 30,3 kilometroko ibilbidea. Helmugara iritsi zenean, seigarren denbora onena markatu zuen astigartarrak, baina beste 15 txirrindularik hartu zioten aurrea, ondoren. Edonola ere, tarteak ez ziren haundiak izan. Irabazleak, Johan Price-Pejtersen danimarkarrak, Azparrenek baino 1:25 azkarrago osatu zuen ibilbidea; eta bederatzigarren sailkatuarekin, adibidez, 28 segunduko galera izan zuen astigartarrak.
Orain, errepideko proba ere lehiatuko du Azparrenek, ostiral honetan, eguerdiko 13:25etan abiatuta. 161 kilometroko ibilbide gogorra izango dute aurretik, igoera labur bezain pikoekin, eta harbideekin. Arratsaldeko 17:40etarako dago aurreikusita bukaera. Espainiako selekzioarekin ariko da astigartarra, eta taldekide izango ditu Juan Ayuso, Marc Brustenga, Raul Garcia Pierna eta Pau Miquel.
Enekoitz Azparren hirugarren, Oñatin
Profesional mailan bezala, denboraldia bukatzen ari dira afizionatuetan ere. Eta maila ederrean agurtuko du Enekoitz Azparren astigartarrak: hirugarren sailkatu zen larunbatean, Oñatiko Sarian. Horrela, Laboral Kutxa taldearen tripletea borobildu zuen Azparrenek, Unai Iribar eta Xabier Isasa taldekideak izan baitzituen aurretik. Ander Amonarriz hernaniarra, berriz, haientzako talde-lanean aritu zen, eta 43garren sailkatu zen.
Helduz Torneorako puntuagarria zen Oñatiko lasterketa, eta asteburu honetan izango dute azkeneko proba, larunbatean Ereñon. Arratsaldeko 15:30etan abiatuta, 105 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik.