Eguraldi gogorrari aurre bailarako ziklistek, Quebrantahuesos proban

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 00:00

Bailarako koadrila bat, Hernaniko txirrindulari talde bati animoak ematen, Portalet mendateko azkeneko metroetan.

Martxa zikloturistan hartu zuten parte, Sabiñanigotik abiatuta; eta euri zaparradak, ekaitza eta hotza izan zituzten, ibilbide osoan. Bailarako zaleen animorik ez zuten falta izan.

Martxa zikloturista ezagunene­takoa da Quebrantahuesos (200 km), Sabiñanigon jokatzen de­na. Eta urtero hartzen dute parte bertan, eta Treparriscos proba laburrean (85 km), Urumea bailarako hainbat txirrindularik. Horrela izan da aurten ere, baina ez da ohiko edizioa izan, joan den larunbatekoa: oso eguraldi gogorra izan zuten, hasieratik bukaerara, euri zaparradak, ekaitza, hotza eta haizea tarteko. Hori horrela, asko izan ziren parte ez hartzea erabaki zutenak: Quebrantahuesos proban, izena emandakoen erdia baino gutxiago abiatu ziren, 4.800etik 1.900; eta Treparriscos proban apuntatutakoen erdia, 1.200etik 600. Are gutxiago izan ziren, bukatzea lortu zutenak.

Bi probetako bat bukatu zutenen artean, edonola ere, izan zen bailarako txirrindularirik. Horietatik, Iñigo Lizeaga herna­niarra izan zen proba luzeko helmugara iristen aurrena, 6:11:12 denborarekin, aurreneko postu­e­tan. Animorik ez zuten falta izan haiek guztiek, bailarako hainbat herritar bertaratu baitziren, zaparradak zaparrada, ibilbidean zehar animoak ematera. Bideoa ikusgai dago kronika.eus webgunean: bailara­ko koadrila bat, Hernani­ko txirrindulari talde bati animoak ematen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!