Arindu egin ditu LABI batzordeak, Covid-19aren kontrako neurriak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00

Gaurtik aurrera, %75ekoa izango da aforoa, komertzioetan eta ostalaritzan; baina gehienez 8ko taldetan barruan, eta 12koetan terrazan.

Atzo goizean bildu zen LABI ba­tzordea, Euskal Autonomia Erki­degoko osasun egoera azter­tze­ko; eta gaurtik aurrera, arindu egingo ditu Co­vid-19aren kontrako neurriak. Horrela, %75eko aforoa izango dute komertzioek, eta baita ostalaritza establezimenduek ere. Mahai ba­koitzean, hori bai, gehienez 8 lagun izan daitezke barruan, eta 12 terrazan.

%75ekoa izango da aforoa, kirol eta kultur ekitaldietan ere, baina muga batzuekin: 3.000tik beherako aforoa duten eremuetan, ezingo dira sartu 1.500 baino gehiago barrualdean, eta 1.800 baino gehiago kanpoaldean; eta 3.000tik gorako aforoa dutenetan, %40koa izango da barruan, eta %60koa eremu irekietan.

Establezimenduetan zein eki­­taldietan, goizaldeko 03:00etara za­balduko dute muga ordua.

Gaueko aisialdirako guneak ere jarri ahal izango dira martxan, %50eko aforoarekin. Ezingo da barran edo zutik kontsumitu, eta maskarilla jantzita eraman beharko da uneoro, baita dantzarako pistan ere.

Kirol instalazioetan, berriz, 16koak izan daitezke talde­ak ge­hienez, eta aldageletan %50e­koa izango da aforoa.

Soziedadeetan, %75ekoa izan­go da aforoa aurrerantzean, baina ezingo da barran edo zutik kontsumitu, eta zortzi laguneko taldea elkartu daiteke mahai bakoitzean. Maskarilla derrigorrezkoa izango da, jan edo edateko unean izan ezik. Aireztatuta egon beharko dute uneoro.

Eta gazte lokalak irekitzeko baimena ere emango dute, 16-29 urte bitartekoen %85ak txertaketa osatzen duenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!