Bihar hasiko dute Gipuzkoakoa, ohorezko mailako nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Mattin Arluziaga esku pelotaria - Zikuñaga Papelera torneoa

Txomiñenen ariko dira Harri Loidi eta Oier Gurutzealde, 17:00etan; eta Zegaman Hodei Exposito eta Markel Lizeaga, 11:00etan.

Martxan da Gipuzkoako Binakako Txapelketa; eta aurten, Uru­mea bailarako bi talde ariko dira maila gorenean, nagusien ohorezko mailan. Bihar egingo dute debuta biek. Etxean jokatuko du estreinakoa Mundarrok, 17:00etan Txomiñenen; eta Harri Loidik eta Oier Gurutzealdek jokatuko dute, Pagazperen kontra. Ekain eta Eñaut Lizeaga anaiek osatuko dute Mundarroren ohorezko mailako taldea.

Hernanik, berriz, Zegaman egingo du debuta maila gorenean, bihar 11:00etan. Hodei Exposito astigartarrak eta Markel Lizeaga hernaniarrak jokatuko dute, Tartaloetxeren kontra.

Lau talde horiek ariko dira ohorezko mailako A multzoan; eta beste lau B multzoan: Eple, Tolosa, Intxurre eta Ilunpe. Sei partidu jokatuko ditu talde bakoitzak, aurreneko fase honetan, bi itzulitara.

 

Hiru partidu Hernanin, gaur

Gipuzkoako Txapelketan bertan, Hernanin jokatuko dira hiru partidu, gaur goizean. 11:00etan hasita, Iñigo Urkizuk eta Iñigo Labakak jokatuko dute aurrena, nagusien lehenengo mailan, Zazpi Iturriren kontra. Eta segidan, Hernaniko bi bikote ariko dira aurrez aurre, nagusien hirugarren mailan: Apaolaza eta Lasa, Cisnerosen eta Berasarteren kontra.

Jaialdia bukatzeko, bigarren mailako jubenilek jokatuko du­te: Unax Manterola eta Oier Alegria, Intxurreren kontra.

Gaur jokatuko du bere aurreneko partidua, Gipuzkoakoan, Hernaniko beste bikote batek ere; baina etxetik urrun. Azkoitian ariko dira Xabier Salaberria eta Xabier Ortiz de Urbina, nagusien bigarren mailan, arratsaldeko 15:30etan hasita.

Hernaniko pelotariek, beste hitzordu bat ere izango dute asteburu honetan: herriko Euskal Jaietan ariko dira bihar, arratsaldeko 18:00etan, Iñigo Urkizu eta Xabier Ortiz de Urbina, Xabier Salaberriaren eta Iñigo Labakaren kontra.

 

Mendialdeko hiru partidu gaur goizean, Goizuetan

Mendialdeko Buruz Buruko Txapelketak ere izango du segida, gaurkoan. Bost partidu jokatu zituzten atzo arratsaldean, Goizuetan; eta beste hiru izango dituzte gaur goizean, 11:00etan hasita. Aurrena, seinetan, Beñat Narbarte ariko da, Larraungo Lekuonaren kontra; ondoren, kimuetan, Mikel Zurutuzak jokatuko du, Aurrerako Oterminen kontra; eta azkenik, aurrez aurre ariko dira Axel Salaberria eta Mattin Garmendia, kimuetan haiek ere. Egoitz Elizegik, berriz, Aldatzen dauka hitzordua gaur, gazteen mailan, Larraungo Ezkurdiaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!