Ligako estreinakoa, 1go mailako mutilek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Etxean hasiko du liga Mundarrok.

Añorgaren kontra jokatuko du Hernanik gaur, Benta Berrin; eta Atletico San Sebastian hartuko du Mundarrok bihar, kiroldegian.

Martxan dira bailarako saskibaloi taldeak, eta asteburu honetan ekingo diote lehiari, mutilen bi talde nagusiek: Hernanik eta Mundarrok, Gipuzkoako 1go mailan.

Gaur bertan jokatuko dute hernaniarrek, eta etxetik kanpo izango dute estreinakoa. Añorgaren kontra jokatuko dute, Donostiako Benta Berri kiroldegian. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da partidua.

Mundarrok, berriz, etxean egingo du debuta, bihar goizean. Atletico San Sebastian hartuko dute astigartarrek, 11:00etan ha­sita, kiroldegian.

Arraroa izan zen aurreko denboraldia, Covid-19ak eraginda. Liga eten eta beranduago ekin behar izan zioten berriro, multzo txikiagotan. Baina gorabehera horiek guztiak atzean utzi, eta multzo bakarrean ariko dira aurten, probintziako lehenengo mailan. 14 talde izango dira, eta bi aldiz jokatu beharko dute talde bakoitzaren kontra; etxean behin, eta kanpoan beste behin. Horrela, 26 partidu jokatuko ditu talde bakoitzak, eta maiatzaren hasierarako dago aurreikusita liga bukatzea.

 

Mundarroko neskek, urriaren 1ean debuta

Gipuzkoako 1go mailan ariko da Mundarroko nesken taldea ere, denboraldi honetan. Baina beranduago egingo dute debuta: urriaren 1ean jokatuko dute estreinako partidua, ostiralarekin. Astigarragako kiroldegian jokatuko dute, 19:40etan hasita; eta Zarautz izango dute kontrario, denboraldia hasteko.

Nesken kasuan, 10 talde izan­go dira Gipuzkoako lehenengo mailan; eta beraz, 18 partidu jokatuko ditu talde bakoitzak, maiatzera arte. 22 jardunaldi izango dira, eta horietatik lautan atseden hartuko du talde bakoitzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!