Gaur hasiko dute Gipuzkoako Txapelketa, bailarako pelotariek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 17a, 00:00

Eskuz zein palaz, partiduak izango dira Hernaniko kiroldegian eta Txomiñenen, gaur. Mendialdekoaren bost partidu jokatuko dira Goizuetan ere.

Gaur hasiko da Gipuzkoako Binakako Txapelketa, eskuz zein palaz. Eta ohi bezala, bailarako pelotari ugari izango dira partehartzaileen artean.

Eskuzko lehiari dagokionez, Urumeako 10 bikotek jokatuko dute estreinako partidua, asteburu honetan. Hernaniarren artean, gaur jokatuko dute jubenil mailako bi taldek. Kiroldegian ariko da Urdanpilleta, eta zehaztu gabe dago bikotekidea. Añorga izango dute aurrean, 20:30etan. Jarak eta Etxarrik, berriz, Oiartzunen jokatuko dute, 19:45etan. Eta astigartarren artean, hirugarren mailako kadeteek jokatuko dute, 19:30etan Txomiñenen, Aloña Mendiren kontra.

Larunbatean, berriz, hiru partidu jokatuko dira Hernaniko kiroldegian, 11:00etan hasita: Manterola eta Alegria jubenilak, Intxurreren kontra; aurrez aurre ariko dira Apaolaza eta Lasa, eta Cisneros eta Berasarte, nagusietan; eta Zazpi Iturriren kontra ariko dira Urkizu eta Labaka nagusiak. Salaberriak eta Ortiz de Urbinak, berriz, Azkoitian jokatuko dute, 15:30etan.

Eta igandean ekingo diote lehiari, ohorezko mailako nagusiek: Zegaman jokatuko dute Hodei Exposito astigartarrak eta Markel Lizeaga hernaniarrak, Azketa eta Elizegi iazko txapeldunen kontra; eta Txomiñenen ariko da Mundarroko bikotea, 17:00etan, Pagazperen kontra.

Palaz, berriz, bi partidu jokatuko dira gaur, Hernaniko kiroldegian: neska nagusietan, bigarren mailako bi taldeak ariko dira aurrez aurre, 19:00etan; eta mutil nagusien bigarren mailako taldeak jokatuko du segidan, Abantzuren kontra. Neska jubenilen talde batek, berriz, Billabonan jokatuko du, 18:00etan. Mundarroko bi taldek ere egingo dute debuta gaur: bigarren mailako neska nagusiek Txomiñenen jokatuko dute, 19:00etan, Ataunen kontra; eta hirugarren mailako mutil nagusiak Ando­ainen ariko dira, 18:30etan.

 

Mendialdeko Txapelketako zortzi partidu, gaur eta bihar Goizuetan

Mendialdeko Buruz Buruko Txapelketak, berriz, bigarren asteburua izango du; eta oraingoan ere, makina bat partidu jokatuko dira Goizuetan. Gaur izango dira horietatik bost, 17:00etan: L.Elizegi eta M.Seges goizuetarrak elkarren kontra; H.Aranberri eta O.Zabala herrikideak ere bai; Alize Sagardui Aurrerako Imazen kontra; Araitz Legarreta Aurrerako Barberiaren kontra; eta Oihan Legarreta Aurrerako Ugartemendiaren kontra. Bihar, berriz, hiru partidu jokatuko dituzte, 11:00etan hasita: Beñat Narbarte, Larraungo Lekuonaren kontra; Mikel Zurutuza, Aurrerako Oterminen kontra; eta Axel Salaberria eta Mattin Garmendia, aurrez aurre.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!