Nafarroako ostatuen ordutegiak zabalduko dira, besteak beste, bihartik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 16a, 00:00
Goizuetan, herritarrak 2019ko feri eguna ospatzen.

Gaueko 02:00etan itxiko dira tabernak, eta diskotekak, aldiz, 04:30etan. Bihar sartuko dira neurriak indarrean, eta hila amaitu arte iraungo dutela adierazi du Nafarroako Gobernuak.

Astelehenean arrisku ertaineko egoera epidemiologikoa ezarri zen Nafarroan, eta gobernuak koronabirusa gelditzeko indarrean dauden neurriak malgutuko zituela iragarri zuen. Horiek bihar sartuko dira indarrean. Hainbat dira Nafarroan malgutu diren neurriak; hala nola, ostalaritzako establezimenduak 02:00ak arte egonen dira irekita. Lizentzia berezia duten tabernei, berriz, 03:00ak arte luzatuko diete itxiera ordua. Eta diskotekek eta gaueko aisialdiko lokalek 04:30ak arte ireki ahal izanen dute. Hala ere, Nafarroako Gobernuak azaldu du, establezimendu horietan mantendu egingo dutela barran edateko debekua; baina «bezeroen arteko 70 zentimetroko gutxienezko distantzia kendu eginen da», jakinarazi dute.

Horrez gain, kalean bildu daitekeen pertsona kopurua hamarrekoa zen gehienez orain arte, baina Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez, debeku hori kendu eginen da. Eta garraio publikoan ere, gehienezko edukiera igo egingo da %75era arte.

Gazteen lokalak berriro erabiltzeko aukera izanen da, ireki egingo baitira, beti ere espazioaren erabilera egokia egiten bada: «jabeek erantzukizun adierazpena bat helarazi beharko diote Osasun Departamentuari, eta bere herriko Udalari», diote.

Aipatutako neurri horiek guztiak bihar sartuko dira indarrean. Aurreko asteburuan, hilaren 11n, kultur eta kirol jarduerei eragin dioten neurriak malgutu zituen Nafarroako Gobernuak. 5.000 pertsonatik gorako espazio haundi eta irekietan, %60koa da gehienezko edukiera orain, eta 2.400 pertsona sartzen diren gune itxietan, berriz, %40koa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!