VI. Benito Ansola Sarian parte hartzeko aukera, igandera arte

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 15a, 00:00

10 hilabeteko epea izango du irabazleak bere ikus-entzunezko proiektua gauzatzeko. Bego Vicario eta Estibaliz Urresola zinegileak izango dira epaimahaikideak. 

Igande honetan izango da VI. Benito Ansola sarian parte hartzeko azken eguna. Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak, euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizteko antolatutako lehiaketak, 18 eta 36 urte bitarteko gazteen film proiektuak sustatzea du helburu nagusia. Ordainsaria 3.000 eurokoa da. 

Deialdi honetara diziplina ezberdinetako proiektuak aurkeztu daitezke, eta horretarako sariaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dira, lehiaketara aurkezteko. 

Bego Vicario eta Estibaliz Urresola zinegileak izango dira epaimahaikideak, eta Lekeitioko 44. Euskal Zine Bilera jaialdiaren itxiera ekitaldian iragarriko da irabazlea. Honek, 10 hilabeteko epea izango du bere ikus-entzunezko proiektua gauzatzeko. 

«Irabazleen bide oparoa»
Benito Ansola lehiaketak seigarren edizioa du aurten. Hauek dira pasa den edizioetako saridunak: David Zabala, Paul Urkijo, Aitor Gametxo, Joseba Uberuaga, Maider Fernandez, Maria Elorza eta Ruben Rosas. Askok bide oparoa egin dute.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!