Zaila izan dute aurreneko jardunaldia, bailarako taldeek: berdindu edo galdu egin dute talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 14a, 00:00
Lehia haundikoa izan zen Hernaniren eta Real Unionen artekoa, larunbat arratsaldean Zubipen.

Hernanik bana berdindu zuen mutilen Ohorezko Erregionalean, Real Unionen kontra; eta 3-1 galdu jubenilen Liga Nazionalean, Santutxun. Mundarrok, berriz, 1-0 galdu zuen Usurbilen, Erregional Preferenteen mailan.

Joan den asteburuan hasi dute denboraldi berria, Urumea bailarako sei futbol taldek. Eta ez da nahi bezalakoa izan emaitza: partidu bakarra irabazi, hiru berdindu eta bi galdu dituzte.


Partidu zaila zeukan Hernanik, mutilen Ohorezko Erregional mailan, liga hasteko. Real Union hartu zuen Zubipen, larunbat arratsaldean. Eta primeran ekin zioten berdeek: hasi eta berehala lortu zuten aurreneko gola, Ruben Pironen eskutik.


Hernani izan zen nagusi aurreneko zatian, baina ez zuen lortu aldea haunditzea, markagailuan. Bigarrenean, berriz, parekatu egin zen lehia, eta berdintzea lortu zuen Real Unionek. Izan zituzten gol aukerak berdeek ere, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten azkenean (1-1).


Gogorragoa izan zen estreinaldia, Liga Nazionaleko jubenilentzat. Santutxuren kontra jokatu zuten, Mallonan; eta 3-1 galdu zuten berdeek.
Mundarrok ere, porrotarekin hasi du denboraldia, Erregional Preferenteetan: 1-0 galdu zuten moreek Usurbilen. Aurreneko za­tian, nagusi izan ziren etxekoak, eta partiduari neurria hartu ezinik aritu ziren astigartarrak. Orduan lortu zuen partiduko gol bakarra, Usurbilek. Bigarren zatian hobeto aritu ziren moreak, eta baita gol aukerak izan ere; baina zutoinak edo atezaina topatu zituzten behin eta berriro.


Mundarroko Ohorezko Mailako mutil kadeteek lortu zuten asteburuko garaipen bakarra, denboraldi berriaren estreinakoan. 2-0 nagusitu ziren Zarkumendegin, Añorgaren kontra. Hernanik, berriz, bana berdindu zuen Antiguokoren zelaian. Eta banako berdinketarekin bukatu zuten berdeek, Ohorezko Mailako mutil jubeniletan ere, Oriokoren kontra Zubipen.


Gainerako taldeek, lagunarteko partiduak jokatu dituzte asteburuan. Zubipen aritu zen Hernaniko Ohorezko Erregional mailako nesken taldea, larunbat arratsaldean; eta berdinketa lortu zuen, Euskal Ligako talde baten kontra: hutsean bukatu zuen, Anaitasunarekin.

Zozketa martxan berriro, ostiral honetatik aurrera
Denboraldia hastearekin batera, berriro ekingo die CD Hernanik, asteroko zozketei. Ostiral honetan izango da aurrenekoa, eta errifak salgai daude herriko tabernetan. Ostiralero, saria jasoko dute ONCEko zozketaren az­keneko hiru zenbakien errifa daukatenek.


Gainera, aurten bada nobedaderik ere: sarituak aukeratu ahal izango du, marisko sorta edo haragi sorta nahiago duen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!