Autobusen ordutegian aldaketak izango dira bihartik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 12a, 00:00

Linea batzuen maiztasuna haunditu eta beste ordutegi batzuk egokituko ditu Lurraldebusek, Buruntzaldeako zerbitzua hobetzeko asmoz.

Uztailean sartu zen indarrean, autobus zerbitzu publikoaren kontzesio berria; eta horrekin ba­tera, aldaketak izan ziren or­dutegietan eta geltokietan. Au­rre­neko hilabeteetako funtzionamendua aztertuta, zenbait aldaketa egitea erabaki du Lurraldebusek, Buruntzaldeako sei lineatan; eta eragina izango dute, Urumea bailaran ere. Bihartik aurrera aplikatuko dira aldaketa horiek.

Zehazki, bailaratik pasatzen diren bost lineatan izango dira aldaketak. Andoain eta Donostia arteko BU05 linean, hasteko, zerbitzu berri bat gehituko dute goizeko 06:45etan Andoaindik abiatuta, eta bost minutu aurreratuko dituzte aurreko bi zerbitzuak (05:10 eta 06:10). Hurrengoa, berriz, 07:25etan izango da (Hernanin 07:38etan); eta hortik aurrera, ordu erdiro izango dira autobusak. Donostiatik datozen autobusetan, berriz, aldaketa bakarra izango da: ordu laurden beranduago abiatuko dira autobusak (eta laurdenetan zein laurden gutxitan). Aldaketekin, bermatu nahi dute Her­­na­nin transbordoa egin ahal izatea, BU05 eta BU11 lineen artean.

Izan ere, BU11 linean ere bada aldaketarik, Hernanitik Donostiara joateko, Aietetik: 20 minuturo izango dira autobusak egun osoan zehar, eta ez bakarrik jende gehien dabilen orduetan. Horrela, eta 10etan, eta erdietan zein 10 gutxitan izango dira autobusak Hernanitik; eta Donostiatik, puntuan, eta 20etan zein 20 gutxitan.

Martutenetik dijoan linean ere (BU12) egingo dituzte aldaketak. Irteera ordua aldatuko dute Hernanitik, eta 07:15etatik aurrera, eta laurdenetean zein laurden gutxitan izango dira, ordu erdiro. Donostiatik ere, eta laurdenetan zein laurden gutxitan abiatuko dira. Horrela, lortu nahi dute hobeto koordinatzea BU13 linearekin, eta erantzun nahi diote Astigarragako Udalak egindako eskaerari, autobusen ordutegiak bat egiteko La Salle ikastetxeko ordutegiekin.

BU13 lineari (Hernani-Astiga­rraga-Donostia zuzenekoa) da­go­kionez, maiztasuna haundi­tu­ko dute, eta ordu erdiro be­ha­rrean, 20 minuturo izango dira autobusak. Horrela, Hernanitik abiatuko dira puntuan, eta 20etan zein 20 gutxitan; eta Donostiatik, eta 10etan, eta erdietan zein 10 gutxitan. Horrela, BU11 eta BU13 lineekin, 10 minuturo izango dira autobusak Hernanitik Donostiara.

Eta azkenik, Usurbil, Lasarte eta Hernani arteko linea (BU10) aldatuko dute. 20 minutu lehenago abiatuko dira aurreneko autobusak Hernanitik (07:25, 07:55 eta 08:25), eta 08:55etatik aurrera, orduro izango dira. Aldaketa horiekin, Usurbildik ospitaletara dijoan autobusarekin (BU02) koordinatu nahi dute, Galarretan transbordoa egin eta ospitaletara joan ahal izateko.

Ordutegi berriei buruzko informazio guztia dago eskuragarri, lurraldebus.eus webgunean. 900 30 03 40 doako telefono zenbakira ere deitu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!