Bikain hasi dute denboraldia, Urumea bailarako pelotariek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00
Jon Jara eta Ekhi Oses pelotariak, kopa eskuetan dutela.

Euskal Asteko finalak irabazi zituzten Jon Jarak jubeniletan eta Ekhi Osesek infantiletan. Gaur, Umore Onako pelotariek partiduak, Goizuetan. 

Dagoeneko eman diote hasiera denboraldiari Urumea bailarako pelotariek. Hain justu, azken aste hauetan Euskal Astea txapelketa jokatu dute Hernaniko zenbait pelotarik, eta joan den asteazkenean izan ziren finalak, Donostiako Trinitate plazan. Bertan izan ziren CDHko zenbait pelotari, lehiaketako azken probara heltzea lortu baitzuten. Eta ederki asko aritu ziren, Ekhi Osesek eta Jon Larak txapela irabazi baitzuten, infantilen eta jubenilen kategorian, hurrenez hurren.

Ekhik bikote izan zuen Unai Olaizola (Alde Zaharra), eta 18-14 irabazi zuten partidua Olaizolaren eta Otegiren aurka (Alde Zaharra-Behar Zana). Nahiko parekatuta ibili ziren, baina hernaniarrak eta Olaizolak aurrea hartzen jakin zuten azken minutuetan, eta horrek eman zien garaipena.
 
Jubeniletan, Jarak Arkaitz Eskuzarekin (Alde Zaharra) batera jokatu zuen finala, eta Olaizola eta Sorondoren kontra indarrak neurtu ostean, 15-22 itxi zen markagailua. Bikote irabazlea nagusi izan zen partidu guztian; izan ere, Eskuzak ziurtasun haundiz jokatu zuen eta peloteoan agindu zuen. Gainera, Jarak defentsa ona erakusteaz gain, finaleko erremate onenak egitea lortu zuen hernaniarrak. 

Pelota eskolako izenematea, zabalik
Irailaren 1ean zabaldu zen CDHko pelota eskolan izena emateko epea, hilaren 30era arte. Interesa dutenek, kiroldegiko frontoira bertaratuta egin ditzake tramiteak. Astelehenetik ostegunera bitartean eman daiteke izena, 17:30etatik 19:00etara. Informazio gehiago behar izanez gero, 656 793 990 telefono zenbakira deituta argitu daitezke zalantzak. 

Mendialdeko Buruz Buruko txapelketa hasi zen atzo
Asteburu honetan, pelota partiduak izango dira Goizuetan. Hain justu, Mendialdeko Buruz Buruko IIIgarren Pelota Txapelketari eman diote hasiera, eta atzo izan zen lehen jardunaldia. Denera, hilabete eta erdi iraungo du, eta Umore Ona, Aurrera, Larraun eta Araxes pelota eskoletako 90 pilotarik hartuko dute parte. Nafarroako txapelketarako entrenatzeko balioko die pelotariei, eta indartsu arituko dira lehian.

Gaur, Goizuetan, hiru norgehiagoka izango dira. Goizeko 10:00etan hasita, bigarren mailako seinek irekiko dute kartelera; Umore Onako Larinek aurrez aurre izango du Andiarena. Hirugarren mailako kimuetan, Umore Onako Zurutuzak indarrak neurtiko ditu Zabaletaren aurka. Eta, azkenik, gazteetan, Umore Onako Elizegik aurkari izango du Aurrerako Mateorena.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!