Euskara ikasi, aukerak biderkatu

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00
Buruntzaldeko euskaltegien zein Udaletako euskara zerbitzuen ordezkariak Urnietan ateratako.

Ikasturte zaila igaro dute Buruntzaldeko euskaltegiek. Alabaina, pandemia ez da oztopo izan jardunari eusteko: buru-belarri aritu dira lanean eta kalitatezko hezkuntza bermatu diete herritarrei. Indartsu sentitzen dira 2021-2022 ikasturteari begira.

Nork bere arrazoiak ditu udako oporraldien biharamunean euskaltegira hurreratzeko. Aspaldi logelako mesanotxean gordetako hizkuntza berreskuratzeko helburua dute hainbatek; seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko desira, beste zenbaitek. Ama hizkuntzan sakonago trebatzeko premia ase nahian dabilenik ere izaten da, baita titulua eskuratu nahi duenik ere. Bada, euskara klaseak jasotzeko arrazoi adina aukera bermatzen ditu Buruntzaldeak: orotara, zortzi euskaltegi daude eskualdean; bina Lasarte-Orian nahiz Hernanin; bana, berriz, Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen.  

Hala, astelehenetik ostiralera, goizez zein arratsaldez, eskaintza zabala dute ikasleek euskara maila guztietan, bai aurrez aurreko klaseetan, bai autoikaskuntzaren bidez. Hori ez ezik, gelatik kanpo ere euskaraz trebatzeko makina bat baliabide ipintzen dituzte euskaltegiek herritarren eskura.  Bestalde, diruz laguntzen dute Buruntzaldeko udalek euskara ikasteko prozesua: herri batetik bestera kopurua aldakorra izan arren, guztiek bermatzen dute babes ekonomikoa, zenbait kasutan ikastaroa doako bihurtzeraino. Horrez gain, HABEk laguntzak ematen ditu, baldin eta erakundeak ezarritako maila edota baliokidea eskuratzen bada.  

Oztopoak, aukera bihurtuta 
Maldatsua izan zen iragan  urte amaiera eskualdeko euskaltegientzat pandemia dela-eta. Ikasturtea apur bat kezkatuta hasi zutela du gogoan Aize Otañok, Hernaniko AEK-ko irakasleak; azken hilabeteak “bereziak” bezain “arraroak” izan dira erakundearentzat. Harekin bat dator Lorendiñe Usarralde Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiko zuzendaria, ezjakin ekin baitzioten euskara klaseak emateari: “Beldurra sentitzen genuen, oro har, gizartean ere izua zelako nagusi”.  

Joan den ikasturtean, orotara, 771 herritarrek hartu zuten euskara ikasteko konpromisoa, musukoen nahiz gel hidroalkoholikoen artean. Egoeraren konplexutasunarekin ohartuta, goitik behera berrantolatu zituzten euskaltegiak, pandemiari aurre egiteko osasun-neurriak errespetatzeko xedez: ikasgelen aireztapena, distantzia soziala, garbitasuna… 

Ikasgelako girotik harago, askotariko eragozpenak izan dituzte euskaltegiek beren egunerokoa gauzatzeko, besteak beste, eskola-orduetatik kanpo antolatutako hitzorduak egiteko. AEK-ko kideek, gainera, ondo baino hobeto oroituko dute ikasturtea, koronabirusak galarazi egin baitu Korrika antolatzea. “Gurean utzitako hutsune ekonomikoa nabaria da”, dio Otañok, “baina gizartean du eragina euskararen aldeko aldarrikapena egun horietan kalera atera ez izanak”. 

Zailtasunak zailtasun, egokitzapen lanei dagokienez, “lan txukuna” egin dutelakoan dago Usarralde, “baliagarria izan da ikusteko zein baliabide ditugun eskura”. Beren gaitasuna frogan jarrita, buru-belarri aritu dira lanean irakasle guztiak. Hala ere, goraipatzekoa da, zuzendariaren aburuz, ikasleek izandako jarrera, erantzun ona eman baitiote asteroko martxari. Usarralderekin bat etorrita, lana ondo egiteko gai direla agerian gelditu da Otañorentzat: “Berrasmatzen, moldatzen jakin dugu”.  

Ikasleen azalean 
Euskararekin harreman estuagoa izateko borondatez eman zuten izena euskaltegian Elaia Fadriquek, Elena Jimenezek eta Asier Erkiziak. B2 mailan aritu dira lehen biak; C2 mailan, azkena. Ezbairik gabe erronkari modu arrakastatsuan erantzun diote; euskara ikasi dute, batetik; eta, bestetik, askotariko jendea ezagutzeko aukera izan dute.  

Gainera, euskal komunitatera gerturatzeko abagune ederra izan da ikastaroa hiru ikasleentzat. Esaterako, Erkizia, egun, segurtasunez mintzo da euskaraz, alegia, arauak ikasita, “beldurrik gabe” jarduten da “edonon eta edonorekin, egoera formaletan edo lagun artean”. Gauza bera gertatu zaio Jimenezi, mihia zorrozten lagundu baitio euskaltegiak: “Garapen handia nabaritu dut; oso pozik nago. Hizkuntzari dagokionez, oztopoak gainditzen laguntzen du euskaltegiak”.  

Halaber, ados dago hirukotea: “Hizkuntza bati bihotza jarri behar zaio, sentimendua jarri behar diozu ikasketa-prozesuari”; eta horixe lortu dute euskaltegiari esker, hizkuntzaz harago joaten, herriko harremanak saretzen, ahalduntzen eta aukerak biderkatzen. Ateak zabalik dituzte, horrenbestez, euskaltegiek, euskara ikasi ez ezik, beste ohitura eta mundu ikuskera aberasgarriak ere ezagutu nahi dituzten herritarrentzat. 

Baldintzak 
eta laguntzak 

Andoain 
Baldintzak: Andoainen erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85. 
Laguntzak: matrikularen %85 ikasle guztiei; familia ugariko edo errenta txikikoei, %100. Autoikaskuntza, %100. 675 eurora arteko muga. 

Astigarraga 
Baldintzak: Astigarragan erroldatuta egotea. Asistentzia minimoa: %85. 
Laguntzak: Matrikularen %75 guztiei, 600 euroko mugarekin.Familia ugarikoei, errenta txikikoei, eta abar: matrikularen %100. 

Hernani 
Baldintzak: Hernanin erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85. 
Laguntzak: Matrikularen %70. Langabeei eta ikasleei, %90. Finantzazio aukera desberdinak. 

Lasarte-Oria 
Baldintzak: Lasarte-Orian erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85. 
Laguntzak: Ohiko dirulaguntzak. %85. 

Urnieta 
Baldintzak: Urnietan erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %80. 
Laguntzak: matrikularen %85, 600 euroko mugarekin. Langabeei, matrikularen %100. 

Usurbil 
Baldintzak: Gutxieneko asistentzia: %80. 
Laguntzak: guztiei, matrikularen %100. 600 eurora arteko muga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!