«Sagar kopuru haundia eta osasuntsua gure sagastietan», aurtengo uztan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 10a, 00:00
Trinitate Plazan egin zen uzta berriaren aurkezpena.

Asteartean sagar desberdinak dastatzeko aukera izan zen Trinitate plazan eta baita 2021 uztako lehen muztioa ere.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagargileak hasi dira Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zenbait sagastietan sagar bilketarako behar dena prestatzen. Sagar urte oparoa da 2021ekoa eta sagastirik gehienek sagar asko dute eta oso osasuntsua.


Aurkezpenean adierazi zenez: «Aurtengo udako eguraldiek zertxobait atzeratu dute heldutasun garaia sagasti askotan, baina beste zenbait sagastitan iazko erritmora doa heldutasun maila. Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehaztuko dute bilketa garai zehatza, baina irailetik azarora bilduta izango da bertako sagar guztia».


Asteartean Trinitate Plazan Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoa Routek egindako prentsaurrekoan, eta uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sektoreko hainbat egitasmoren berri ere eman zuten.


Iazko uzta txikia izaki, aurtengoa haundia izatea aurreikusi zitekeen eta uzta haundia izango da. Loraldi bete betekoa izan zuten sagasti gehienek udaberrian eta sagar asko hartu dute sagarrondoek.

Alkohol gradu gutxiago emateko traza du
Diotenez «sagar oso osasuntsua da aurtengoa, poliki-poliki heltzen joan dena, udarako eguraldiak medio. Iaz baino 0,5 alkohol gradu gutxiago emateko traza du eta barietate gehienak asko eman dute. Horrek sagardogileari lanegiteko aukera paregabea ematen dio, gustuko sagar motatatik sagarra aukeran izateak».

5 milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da
Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 5 milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, «luzerako elkarlana baita bertako produkzioa haunditu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena».


Alde horretatik datozen urteetarako dei egiten die Euskal Sagardoa Jatorri deiturak sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, «aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jartzeko, akordioak bilatu eta sagarraren gestioa denborarekin lotzen joateko. Sagasti berri horiek azken orduan mugitzeak arazoak sortu bailitzake, behin bilketa eta kupeltegien lana planifikatuta dagoenean».

Bertako sagarraren ekoizpena handitzea helburu
Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun eta 480 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 48 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 110 hektarea dira produkzioan sartu berriak eta datozen urteetan produkzioan sartuko direnak. «Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak. Bide horretan, sagasti berriak hartzen saiatzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera darrai sektorea eta Foru Aldundien eskutik eta sagar sektorea profesionalizatzen jarraitzea ere helburua da». 


Pauso haundiak eman dira azken urteetan bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. «Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia.


Sagargintzan hiru proiektu estrategiko
Bide horretan, sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko lehentasunezko hiru proiektu aurkeztu zituen iaz, Jatorri Deiturako sagar sektoreak, aurtengo urtean proban jarri direnak: 


·Polinizazioa bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sektorea, Fruitel elkartearen eskutik. UPNArekin ari dira proiektua aurrera eramaten eta laster jakingo ditugu azterketaren emaitzak eta publikatuko dira. 
·Bakanketa, asko den urteetan sagarra bakantzea urtero uzta orekatuak izateko. Iaz hasita, 9 sagar motekin egin da saiakera 2021 uztarekin, hiru sagasti desberdinetan, eta sagar mota bakoitzarekin bost adierazle desberdin landu dira. Proiektu hau hiru urterako proiektua da eta lehen saiakera honek erakutsiko du datozen bi urtetako saiakerak nola egin. Emaitzak 2023an izango ditugu.
·Lurra, geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lurraren lanketari eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak orekatzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko. Ikastaro desberdinak antolatu dira sagar sektorerako, datozen udazkenerako. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!