«Aurten, joan den urteko irailean baino askoz lasaiago gaudela aitortu behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00
Agurrak, besarkadak eta muxuak etxekoei, eskolara bueltako lehenengo egunean.

Joan den asteazkenean eta ostegunean ekin zioten aurtengo ikasturteari, Urumea bailarako ikasleek zein irakasleek. Zenbait aldaketa izan dira eskola batzuetan; baina, bestelakoan, joan den urteko martxa bera izango da zentroetan.

Erakusleihoak testuliburuz, mo­txilaz, koadernoz eta kolore biziko zein pastel koloreko azpimarragailuz  josi ziren abuztuan, eta udarako oporrak amaitzearekin batera, pixkanaka-pixkanaka, Urumea bailarako ikasleak eskolara bueltatzeko prestatu dira.  Horrela, martxa hartuta, ohartzerako, heldu gara iraila hasierara eta, horrekin batera, dagoeneko eman diogu hasiera aurtengo ikasturteari. Lurraldeko gainerako herritarren antzera, hemen ere, asteazkenean eta ostegunean ekin zieten eskolei.

 

Aldaketak eta berrikuntzak, zenbait zentrotan

Egungo osasun egoera dela eta, aurten ezjakintasuna izan dutela aitortu dute bailarako zenbait eskoletako arduradunek. Hain justu, Aranoko eta Goizuetako kasuan, esaterako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok, astelehenean,  jakinarazi zuen zein ordutegi izango duten Nafarroako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan. Ordutegi jarraitua izango da aurten, «urtarrilera arte, gutxienez». Izan ere, Gabonetan erabakia berrikusteko aukera egongo dela aurreratu zuen Gimenok. Goizuetako Xalto eskolan, 09:00etan hasita, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek 14:00ak arte jasoko dituzte klaseak. «Berez, ordutegi jarraia egitearena urriaren lehenengo hamabostaldian aztertuko zutelako berria ere heldu zitzaigun; hala ere, atzo jasotako notizien arabera, abendura arte jardunaldi hori bete beharko dugu», kontatu dute Xaltokoek.

Gainera, aurtengo berrikuntza da, urriaren 4tik aurrera eta astean lautan, Nafarroako hezkuntza zentroetan eskolaz kanpoko jarduerak eskainiko dituztela. Derrigorrezkoa izango da hori, eta familien esku utziko dute horietan izena ematearen hautua. 90 minutuko iraupena izango dute, bi saiotan banatuta, eta gehienez ere 17:00etan amaituko dira. «Oso berria da hau guztia. Atzo, eguerdiko 14:00etan, irakurri genuen boletina, eta orain ari gara guztia aztertzen, ikasleak etortzeko soilik egun bat falta denean», azaldu zuten Xalto eskolakoek, astearte goizean. «Urrian jarri behar dugu guztia martxan, eta ez da gomendioa, agindua baizik». Denbora falta horregatik, hain justu, oraindik zer egingo duten ez dakitela aurreratu dute Goizuetakoek.  «Jarduerak izanen dira, baina aterrizatzen ari gara eta nola edo zer izanen den ezin dut esan; oraintxe ari gara guztia aztertzen eta pentsatzen».

 

«Aurten, lasaiago gaude»

Bestelakoan, udara ondo-ondo aprobetxatuta, ikasleak zein irakasleak errutinara bueltatzeko prest daude. Batzuei gehiago kostako zaie, eta beste batzuei gutxiago, baina aurtengo txanpari heltzeko ordua heldu da. «Ikasleekin partekatzeko gogotsu geunden; ea zer moduzko udara izan duten galdetzeko eta egunean jartzeko», aipatu dute bailarako eskoletako ordezkariek.   

«Protokolo aldetik, ez dugu aldaketarik izango. Normaltasunera itzultzeko gogo haundiz gaude, baina aurreko urtearekin alderatuta, ez da aldaketarik izango. Alegia, joan den ikasturtean amaitu genuen neurri berdintsuekin hasiko dugu aurtengoa. Tenperatura, adibidez, etxean hartu beharko dute, ez diegu eskola sarreran hartuko», aipatu dute Txirrita eskolakoek.

Aurrekoarekin batera, joan den irailean baino «askoz lasaiago» daudela adierazi dute Ereñotzukoek. «Hasieran ez genekien zein egoera izango genuen ikasgeletan, baina ikasturteak aurrera egin ahala, arazorik izan ez genuela ikusi genuen. Horrek, beraz, kurtso honi begira, lasaitasuna ematen digu. Guztia ondo joatea espero dugu, eta ez-ohiko normaltasun horren barruan, gauzak ahalik eta hobekien egitea izango da gure erronka». 

«Joan den urtean, oso kutsatu gutxi izan genituen, eta horrenbestez, poliki-poliki martxa hartu eta ikasturteari indartsu heltzeko gogoz gaude», gehitu dute Aratzeko kideek. 

Jangela zerbitzua, garraioa eta eskolaz kanpoko jarduerak

Aurten, posible izango da eskolaz kanpoko jarduerak egitea. Hala nola, urritik aurrera jarriko da abian eskola kirola. «Segurtasun neurri guztiak bete beharko dira, eta indarrean dauden arauak errespetatuko dira», aurreratu dute arduradunek. Asteartean izango dute bilera Buruntzaldeako koordinatzaileek, eta bertan erabakiko dituzte aukera izatekotan, topaketak, esaterako, zer-nolakoak izango diren. «Guztia airean dago oraindik, baina hemen behintzat, Hernanin, datorren hilabetean hasiko ditugu entrenamenduak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken txostenari erreparatuta, asteburutako topaketak egiteko aukera izango dugula uste dugu», kontatu du Urumea Ikastolako eskola kiroleko arduradunak.

Bestalde, garraioak zein jangela zerbitzuak berdin jarraituko duela jakinarazi dute. «Burbuila gelak errespetatuko dira eta jangelan, hortaz, ikasleek beraien gelakideekin bazkalduko dute; hau da, ikasgela bakoitzak bere mahaia izango du bazkalorduan», zehaztu dute Aratzeko zuzendaritzakoek.

Langile Ikastolako ikasleak, goizeko 09:00etan, ikasgelara sartzeko prest.

 

«Oporrak Hernanitik kanpo pasa ditugu, eta gelakideak ikusteko gogotsu geunden»

Eskolako motxila hartuta, Itxasok eta Ametsek, Aratzeko ikasleek, asteazkenean hasi zuten ikasturtea. Seigarren mailari heldu diote, eta «pozik eta motibatuta» daudela aipatu dute anai-arreba bixkiek. 

Itxaso eta Amets Holgado Aratz Ikastetxeko ikasleak dira. Aurten, Lehen Hezkuntzako seigarren maila beteko dute, eta ikasturteko lehenengo egunean, eskolara bueltatzeko «gogotsu» daudela kontatu diote Kronikari. Goizeko 09:00etan hasi dute jardunaldia, eta, irailean, goizeko ordutegia izango dute. Gero, urritik aurrera, goizez eta arratsaldez izango dituzte eskolak. «Egia esan, goizetan bakarrik joatea arraroa da guretzat. Gustura joaten gara ikastolara, eta ez digu axola arratsaldetan ere klaseak izatea».

Ekainean hasi zituzten udarako oporrak, eta Hernanitik kanpo egon direla aipatu dute anai-arrebek. «Oporretan egon gara, gure gurasoekin eta arreba zaharrarekin. Horregatik, ez ditugu gelako lagunak ikusi eta, gaur arte, ez genekien azken hilabete hauetan non egon diren edo zer egin duten», aipatu du Itxasok. «Bai, hori da. Gogotsu geunden gelakideekin egoteko eta zertan aritu diren jakiteko. Eta gaur, lehenengo egunean, guztiekin aritu gara hizketan», jarraitu du Ametsek. «Gainera, gelara sartu garenean, sorpresa izan dugu; gelakide berri bat dugu, Usurbildik heldu berri da eta Aratzen ikasiko du gurekin batera».

Lehenengo egunean, kontu kontari aritu dira ikasgelan, ikasle bakoitzak oporretan zer egin duen jakiteko. Baina, eskumuturrak martxan jartzeko ordua denez, paperean idatzi dituzte ikasleek udaran izandako bizipenak. «Irakasleak orri bana banatu digu bakoitzari, eta bertan idatzi dugu ea lagun berriak egin ditugun, ea libururen bat irakurri dugun edo zerbait idatzi dugun, eta horrelako beste hainbat kontu», azaldu du Iratik. «Guk, oporretan, liburuak irakurri ditugu. Irakurtzea gustatzen zaigu eta, gainera, liburuekin aritu garenez, orain ez zaigu kostako ikastolako lanak irakurtzea».

Lehen Hezkuntzako azkeneko maila dute aurtengoa, eta motibatuta daudela diote bi hernaniarrek. «DBHra pasako gara hurrengo urtean, eta hori ere aldaketa izango da. Gure ahizpa zaharrenak, Iratik, DBHko bigarren maila hasi du gaur. Hurrengo urtean, beraz, hirurak egongo gara elkarrekin». 

 

Itxaso eta Amets Holgado, Aratzeko ikasleak.

 

Lagunartean Aratzeko ikasleak, ikasgelara sartzeko bidean, ikasturteko lehenengo egunean.

 
 

Segurtasun neurriak errespetatu zituzten eskolara bueltarako egunean, Elizatxo Ikastolan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!