Banderarako lehiatik kanpo geratu dira arraunlari hernaniarrak, Kontxako lehendabiziko jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 7a, 00:00
Donostiarra trainerua igandeko estropadan. Argazkia: Irutxuloko Hitza.

Donostiarra, Hondarribia eta Hibaika nesketan hirugarren, laugarren eta bosgarren sailkatu ziren eta mutilen estropadan Donostiarra bosgarrena izan zen, Hondarribia irabazlearengandik bederatzi segundura.

Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia jokatu zen pasa den igandean eta arraunlari hernaniarrak banderaren lehiatik kanpo geratu dira. Aukerekin mantentzen den ontzi bakarra mutilen Donostiarra taldea da. Bertan aritu zen aurreneko jardunaldian Xabat Pastor. Estropada bikain hasi zuten eta lehendabiziko sei minutuetan txandaren eta estropadaren buru izan ziren, baina gero Hondarribiak hartu zuen burua ziabogara iristeko bi minutu falta zirela. 

Itsaso zakarrarekin aukerak igotzen dira lehenengo txandatik
Ontzi donostiarrak 19:15.42ko denborarekin bosgarren amaitu zuen, irabazlearengandik bederatzi segundura. Ez da alde erabakiorra, baina lau talde daude aurretik eta denei irabaztea, atzerapenari buelta emanda, benetan da zaila. Hala ere, Donostiarraren alde aurreneko txandan ateratzea izango da. Eguraldia eta itsasoa mugituta baldin badaude emaitza iraultzea errazagoa izaten da lehenengo txandatik. 

Hori bai, aurkariak gogorrak dira. Lehenengo txanda horretan Cabo, Ares eta Urdaibairekin batera egingo dute arraun eta bigarren txandan irtengo dira Hondarribia, Santurtzi, Zierbena eta Orio. 


Berdintasuna traineru ezberdinetako neska hernaniarren artean
Nesken estropadan arraunlari hernaniar gehiago daude partaideen artean. Donostiarran ari da Hernanin bizi den Laura Goldaracena donostiarra eta hirugarren amaitu zuten, Donostia Arraun Lagunak trainerutik zortzi segundura. Estropadak ibilbide erdia izaten dute nesketan eta beraz buelta ematea eta postuak irabaztea zailagoa da. Oriok amaitu zuen bigarren irabazlearengandik segundu bakarrera. 

Miren Garmendia hernaniarra patroia da Hondarribian eta berdeek laugarren amaitu zuten hamahiru segundura. Bigarren txandan ariko dira. Bestetik, Tolosaldean dabiltzan Eider Barba eta Enara Villenak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten, 15 segundura, laugarren postutik oso gertu.

Hibaikan Uxue Alberdi, Garazi Arabiotorre, Ihintz Larrañaga eta Jone Pastor hernaniarrak seigarren amaitu zuten Hondarribia eta Tolosaldeatik oso gertu, lau eta bi segundura eta ohorezko postuetan geratzeko aukerak dituzte.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!