4 + 3 = 10 Roglicentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 6a, 09:31

Esloveniarrak sekulako erlojupekoa egin du Santiagon, eta bere laugarren etapa irabazi; Vuelta ere hirugarrenez irabazi du, oso itzuli kuttuna duela berretsiz; Mas eta Haig izan ditu alboan podiumean.

Primoz III.k txapeldun handiek lehiaketak bukatu behar dituzten moduan bukatu du Vuelta. Beste etapa garaipen bat lortuz Vueltan, laugarrena berarentzat, eta bere-berea den diziplinan, erlojupekoan. Norbaitek bere erregetzaren ingurun zalantzaren bat balu, kolpe bakarrean uxatu ditu. Roglicek erlojupekoan irabazi du, aldapan gora, aldapan behera, haize-babesetan ere inork ez du beldurtu, eta bere taldeak lan bikaina egin du, bera babesteko. Hirugarren Vuelta da berarentzat, jarraian, eta egutegiko proba kuttunena bilakatu da Jumbo taldekoarentzat. Gero eta barneratuago du Tourren bat irabaztea ia ezinezkoa izango zaiola, Tadej Pogacar herrikidea dabilen bezala ibilita, baina Tourra ez diren beste proba askotan munduko onena izaen ari da Roglic. Txapeldun handia. Etapan Magnus Cort Nielsen bakarrik izan da bere aurkaria, Alaskako tranpa jartzaile itxura duen ziklista bikaina, baina helmugan 14 segundo atera dizkio liderrak danimarkarrari.


Podiumean ere ez da aldaketarik egon, baina une batean egon zitezkeela zirudien. Laugarren sailkatua, Adam Yates, egurrean abiatu da, Jack Haig urduritzeko. Minutu bat jan behar zion, eta 10. kilometroan 28 segundo kendu dizkio britainiarrak. Haig-ek, ordea, neurtu egin du bere indarra, autoan kirol zuzendari bikaina baitzeukan hori egiten laguntzeko: Neil Stephens Oiartzungo australiarra. Erlojupeko azken bi herenetan galdutako denbora guztia berreskuratu du Bahrein taldeko australiarrak, eta Yates baino denbora hobea egin helmugan. Merezita, podiumeko hirugarren koska mantendu du. Bikain Bahrein taldea Vueltan. Mas-ek ere arazorik gabe eutsi dio bigarren postuari, Primoz Roglic-ek bere albotik ziztu bizian nola aurreratu izanak suposatzen duen trago txarra pasatu behar izan badu ere.


Bihar Vueltako azken kronika, puntu bnaketa, gaurko berotasuna pasata!!!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!