Bihar eta datorren asteburuan jokatuko da Urumea bailaran hain maitatua den Kontxako bandera. Emakumezkoetan, Hernaniko arraunlari batzuk tartean daude, izan ere, honako traineru hauek sailkatu dira emakumezkoetan: Hibaika, Tolosaldea eta Donostiarra. Traineru horietan, hernaniar arraunlari ugari daude, eta dena emateko prest daude bihartik aurrera.
Hori horrela, bihar ekingo diote lehiari, arraunlari guztiek. Urteko estropadarik ikusgarriena lehenengo saioa izango da. Emakumezkoetan, Orio, Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia, Tolosaldea, Deusto, Hibaika, Donostiarra eta Chapela izango dira zortzi talde protagonistak. Bi txandatan arituko dira: lehenengoan, Orio, Tolosaldea, Deusto eta Donostiarra lehiatuko dira. Bigarrenean, berriz, Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia, Hibaika eta Chapela.
Gizonezkoetan, hauexek hartuko dute parte Kontxako bandera irabazteko lehian: Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai, Ares eta Donostiarra.