Andoni Urbistondo
Itzuli handi bateko 19. etapan 45 kilometro orduko batez bestekoa egiten duen kirolariak ohorea merezi du. Eta eskertza. Eta etapa bukatu den moduan bukatzen bada, ba poza eta handia. Arrain txikiak handia jaten duen eguna berezia izan behar baita. Txirrindularitzan normalean tropel nagusiak agintzen du, eta bere diktadura saihesten duen orok belaunikarazi egin behar izaten du azkenerako. Baina gaur ez. Gaur amore eman behar izan du tropel nagusiak, eta ez saiatu ez delako, ihesean zihoazen txirrindulariek aurre egin diotelako tropelari. Tropelak enbidoa bota, ba ihes egin dutenek hordagoa. Eta irabazi!
Ihesaldia sortuko zela jakina zen. Eta bertan Magnus Cort Nielsen egongo zela ere bai. Etapa ehiztari trebea delako, baina batez ere tropeleko ziklista indartsuenetakoa delako une honetan. Beste bi dozena lagunekin egin dute bidea, baina hasiera bihurrian Fabio Jakobsen esprinterra atzean geratu da, geratzeko lana egin du DSM taldeak, garaipena esprintean bilatzeko Daineserekin. DSMk ero moduan egin du jazarpena 60-70 kilometrotan, eta ihesaldia minutu eskasera zeukanean hartu dio erreleboa Bike Exchange taldeak. Beste lauzpabost lagun lanerako. 25 segundora eduki dituzte, eta ihes zihoazenen harmonia hautsi ere bai. Asko bere kabuz ihes egiten saiatu dira, eta Nielsen-en Craddock kidearen lana erabakigarria izan da une horretan, artaldea batuta mantentzeko, eta Nielsen-ek garaipena esprintean lor zezan lan itzela eginda. Tropela eman eta eman joan da, baina alperrik, aurrekoek eutsi egin baitiote. Esprintean danimarkarra aise nagusitu da, eta bere hirugarren etapa garaipena lortu.
Bihar 20. etapa korrituko da, arriskutsua benetan nagusiko oilarrentzako. Sanxenxo eta Mos artean 202 kilometro, eta mendate ezagun edo izen handikorik ez badago ere, oso ibilbide bihurria bai azken 100 kilometroetan. Bertan, bost mendate daude: hirugarren mailako bat, bigarren mailako bi, eta lehen mailako beste hainbeste. 3.450 metroko desnibel metatua denera. Lehen mailako Mougas eta bukaerako Castro de Hervillek zati benetan gogorrak dituzte, eta faktore garrantzitsua: behin mendate festa horretan sartuta, ez dago atsedena hartzeko astirik ia. Ziklistak oso nekatuta daude, dagoeneko, eta ezustekoren bat gerta daiteke.