Atzo zabaldu zen Kutxa Kultur Musika 2022 egonaldietan izena emateko epea, eta urriaren 12ra arte luzatuko da horretarako aukera. Deialdia talde eta bakarlari gipuzkoarrentzat zabaldu dute, betiere diskografia-kontraturik indarrean ez badute. Dena den, argitu dute, «ez da baztertzeko arrazoia izango indarrean izatea lankidetza-kontratu, autoekoizpen edo lizentzia».
Musika herrikoiak deiturikoen multzoan (rock, pop, folk, egile, reggae, elektronikoa, heavy, eta abar) sartzen diren proposamenak onartuko dira. Era berean, aurkeztutako proposamenean, talentua eta sortze-kalitatea balioetsiko dituzte.
Aukeraz jositako urtebetea
Izena ematen duten musikarien artean, epaimahaiak 6 proposamen aukeratu ditu. Gero, hautatuak izan direnek, urtebetez hainbat abantaila izango dituzte. Besteak beste, musika sortzeko bulegoa eta grabaketa estudioa, kontzertuak eskaintzeko lekuak, eta abar.
Hain justu, datorren urteko urtarrila eta ekaina artean, bilerak egingo dituzte hautatuekin, «bakoitzaren premiak detektatzeko». Horrez gain, Tabakalerako laugarren solairuan, urte osorako entseguetarako lokala eskainiko diete talde edo norbanakoei. Gainera, 2022ko lehen hiruhilabetean, emanaldi akustiko bana programatuko diete aurkezpen gisa; eta, uztaila eta abendua artean, grabaketak egiteko aukera izango dute partehartzaileek. Hori ez ezik, bideklip profesional bat grabatzeko ere 1.200 euro jasoko dituzte eta, gainera, beste hainbat kontzertu ere antolatuko ditu Kutxa Kultur programak. Kontzertu horietako bakoitzagatik, 400 euro jasoko dituzte musikariek.
Izena emateko, www.kutxakultur.eus webgunean, musikako ataleko formularioa bete behar da.