«Adostasuna, plazera, berdintasuna, osasuna eta aniztasuna funtsezkoak dira sexu osasun egokia izateko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 4a, 00:00
Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordeko kideak.

Sexu Osasunaren Nazioarteko eguna dela eta, Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordeak sexu osasun egokia izateko hainbat jarraibide eman nahi izan dizkio gizarteari eta Kronikari.

Sexua eta osasuna izango dira gaurko egunean protagonista nagusiak, izan ere, irailak 4a Sexu Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Hori horrela, Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordearekin jarri da kontaktuan Kronika, gaiari buruzko hainbat duda argitze aldera.

 

Gaur da Sexu Osasunaren Nazioarteko Eguna, zer ospatzen da? Zergatik irailaren 4a?

2010ean, Sexu Osasunerako Mundu Elkarteak (WAS) egun bat ezartzeko gonbita egin zien bere erakunde afiliatuei, sexu-osasunaren inguruan kontzientzia sozial handiagoa sustatzeko asmoarekin. Urtero, egun honekin, sexualitate egoki bat askatasunean eta elkarrekiko zainketetatik sexu-dibertsitate guztiak errespetatuz bizi ahal izatearen garrantzia ikusarazten eta aldarrikatzen da. Giza eskubideek aitortzen dute sexu-osasunerako eskubidea, eta horrelako egun batek gure harremanetan eta bizitza sexualean informazioa eta zaintza behar direla aldarrikatzen laguntzen digu.

 

Zer dela esango zenukete Sexu Osasuna?

OMEren arabera, sexu-osasuna hau da: «Sexualitatearekin lotutako ongizate fisiko, emozional, mental eta sozialeko egoera bat da; ez da gaixotasunik, disfuntziorik edo ezintasunik. Osasun sexuala lortzeko eta mantentzeko, pertsona guztien eskubide sexualak errespetatu, babestu eta bete-betean erabili behar dira. Sexualitatearen eta sexu- harremanen ikuspegi positiboa eta errespetuzkoa eskatzen du, bai eta sexu-esperientzia atseginak eta seguruak izateko aukera ere, inolako hertsapenik, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabe».

Horregatik La Comitik sexu-osasunaren sustapenaren alde egiten dugu lan. Zainketetan, afektuetan, aniztasunean, gazterian eta horien beharrizan eta kezketan arreta jarri ahal izateko guneak sortu eta bultzatu nahi ditugu. Sexu-hezkuntzak gazteen ahalduntzea bultzatzeko balio izatea, sexu-osasunarekin eta giharren zaintzarekin zerikusia duten gaietan.

 

Covid-19aren garai honek, sexu osasunean eragin kaltegarriak ekarri ditu? Zeintzuk?

Osasunak eta sexu-eskubideek arreta berezia behar dute, bai pandemiaren aurretik, bai gaur egun. Horiek babesteko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta sexu-aniztasunekiko errespetua sustatzeko lan egiten dugu.

Egia da Covid-19ak eragina izan duela osasunarekin zerikusia duen guztia mugitu duen heinean. Covid-19a ez zen guztia desagertu egin da denbora batez, eta hori ere ezin zitekeen izan. Gureak bezalako elkarteek lan handia egin behar izan dugu indarkeria instituzional eta publiko horiek murrizten edo saihesten joateko.

Gure elkarteak, beste askok bezala, berrasmatu, egokitu eta gure esku-hartzeak garai hauetara birpentsatu behar izan ditugu. Pertsona gehiagorengana iristea lortu dugu online tresnei esker, nahiz eta espazio jakin batzuetan gure presentzia murriztu.

Pixkanaka kaleak berreskuratzen ari gara eta espazio komunitarioetara hurbiltzen jarraitzen dugu gazteekin esku hartzeko. Gure lehentasuna da, oraindik ere, sexu-transmisiozko infekzioen zainketei eta prebentzioari buruzko gogoeta-guneak sortzea.

 

Eta eragin positiborik egon dela uste duzue? Sexu osasunaren aldetik, aldaketa egon da pandemiaren aurretik orain arte? Nolakoa izan da bilakaera?

Argi dago Covid-19ak ikusgarriago egin dituela gure eguneroko bizimoduan jasaten ditugun indarkeriak eta zaintza falta. Baina gure auzo eta herrietan zaintza-harremanak sortuko dituzten sare komunitarioak sortzeko aukera ikusten dugu gure erakundean. Topaguneak sortzea, sexu-plazeraz, komunikazioaz, aniztasunaz, harremanez eta abarrez hitz egiteko. Gure plana ez da aldatu, sexu-eskubideen, sexu-osasunaren eta sexu- plazeraren aldeko ikuspegi positibotik lan egiten jarraitzea da gure asmoa, pertsona bakoitzaren sexu-ibilbidean gure gizarte- eta bikote-harremanak eta jarrera osasungarriak hobetzen laguntzeko.

Nola zaindu daiteke bakoitzaren sexu osasuna? Eta ingurukoena?

Pertsona bakoitzaren sexu-osasuna prozesu bakarra da, eta, ondorioz, norberak bere burua zaintzeko modurik onena ezagutu behar du. Eskubide bat da, baina ez betebeharra. Hori kontuan hartuta, sexu-osasuna eta harreman egokiak izateko balio duten jarraibide komun batzuk badaude: bat da preserbatiboa erabiltzea arriskuak murrizteari dagokionez, ITSei eta GIBari dagokienez.

Harreman-arloari dagokionez, zainketen etika erreferente bat da zaintza horiek atseginak eta osasungarriak izan daitezen: adostasuna, plazera eta ongizate partekatua, berdintasuna, zintzotasuna, osasuna eta aniztasuna funtsezkoak dira sexu-osasun egokia izateko.

 

Gizartearentzat aholkurik Sexu Osasuntsua edukitzeko?

Gure erakundean uste dugu eta nahi dugu etorkizunean, pertsonok aniztasuna errespetatu ko dugula, edozein dela ere gure nortasuna, etnia, kultura, adina, klase soziala... harreman afektibo-sexualak baliozkotzen eta zaintzen ditugula, eta hortik, zalantzarik gabe, murriztu egiten direla ITSak eta GIBa, emakumeenganako indarkeria, desberdintasunak eta estigma eta zenbait kolektiborekiko diskriminazioa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!