Andoni Urbistondo
Tortillari buelta eman dio Movistar taldeak. Atzokoan egurra jaso zuen, eman genion neurrian, gaur loreak merezi ditu, jokoan zeuden sari gehienak eraman baititu. Maillot gorria bakarrik falta izan zaie, baina hori ezinezkoa zen Roglicen sasoi puntua ikusita. Vueltako etapa nagusia irabazi dute, txirrindularitzako historiaren orri asko betetzeko etorri den mendate exigentean, eta podiumeko bigarren eta hirugarren eskilarak lotuak dituzte, oker handirik ezean. Atzo infernuan jarri genituen, gaur zeruan. Talde lanean bete-betean asmatu dute, gainera. Erbiti nafarra sartu dute ihesaldin, eta Cobertoria eta Cordal arteko ordekan lan ona egin du Oliveirak Storer zaldi basatiaren errenta murrizteko. Gamoniteiruko lehen kilometroetan Rojas-ek ere neurrian mantendu du Storer. Lopez eta Mas izan dira azken aktoreak. Kolonbiarrak hiru kilometrora jo du, eta beste oilarren baimena izan du. Bernalek izan ez duena, batez ere, Roglic bere bila irten baita sailkapen nagusian urrunago egonda ere.
Lopezi kosta egin zaio aurretik zen David de la Cruz harrapatzea. Kataluniarrak igoera ona egin du, atzetik aurrera Storer harrapatu, eta minutu bateko zuloa ireki onenekiko. Inork ulertu ez duen mugimenduan, baina, Wanty tiraka jarri da, eta onenen multzotxoa minutu erdira hurbildu du. Lopezek aise utzi du atzean De la Cruz, eta hegan egin du helmugarantz. Bernal, Roglic eta Mas geratu dira atzean, eta Mas-ek kontrol lana egin du, Bernal eta Roglic-en erasoak zaintzen, edo haien kemena apaltzen. 10 metro egitea ikaragarri kostatzen den malkarrean garaipen ederra lortu du kolonbiarrak, eta Movistarrek, euren nagusia lasterketan zen egunean, foku guztiak bereganatu.
Etapa, bestelakoan, zozo samarra izan da. Terrenoa bazen, jotzeko, baina atzoko etapak min handia egin du. 4.000 metroko desnibela gainditzen duten etapen artean historiako azkarrena izan zen atzokoa, Lagos de Covadongan bukatu zena, 40 kilometro ordu baino gehiago, baina abiadura horrek gaurko etapa baldintzatu du erabat. Tropelak askoz errazago eman du baimena ihesaldia egiteko, eta eguneko lehen hiru mendateetan ez da mugimendurik egon. Denek azken mendatera arte itxaron dute, lehenago jotzeko adorerik ez zegoelako. Antolatzaileak gertatutakoaz hausnartu beharko lukete. Alegia, sekulako gogortasuna duten bi etapa jartzea jarraian, ikuskizuna mugatzen duen faktorea dela.
Roglicek 2.35eko aldea kentzen dio Mas-i orain, eta 2.53 Lopez-i. Ia ezinezkoa da Haig-ek edo Bernalek Lopez podiumetik jaitsaraztea, 1.30ko atzerapena dutelako. Akaso ezustekoren bat gerta daiteke Galiziako bi etapetan, batez ere larunbatean, gogorrak baitira. Biharkoaz, 19. saioa, ia 200 kilometro Tapia eta Monforte de Lemos artean. Hasiera benetan gaiztoa du etapak, hirugarren mailako mendate bat, eta bigarren mailako bi, 3.200 metroko desnibel metatua denera. Muturrekoak egongo dira ihesaldi ona harrapatzeko, eta oilarren batek azken bi egunetako nekea ordain dezake, ezustekoak gerta daitezkeen ibilbide gorabeheratsuan.