Bihartik Jaurlaritzak edukierak igoko ditu

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 31a, 00:00

%60ra igoko da saltoki eta kultur guneetan. %50 ostalaritzan eta 5.000 ikusletik gorako lekuetan %20tik  %30era pasako dira.

Eusko Jaurlaritzak, LABIk atzo egindako bileraren ostean, indarrean dauden murrizketetako batzuk leuntzea erabaki zuen. Aldaketa horiek bihar jarriko dira indarrean. Hauek dira neurri nagusietako batzuk: lokal eta instalazioen edukierak, gaur egun % 35era murrizten direnak, % 60raino igoko dira; ostalaritzan, edukiera %50era igoko da, eta mahai bakoitzeko gehieneko pertsona-kopurua 6tik 8ra igo da; Eusko Jaurlaritzak %20tik %30era igotzea erabaki du 5.000 ikusletik gorako estadioetan eta esparruetan.

Ez da aldatzen, ordea, maskara nahitaez erabiltzea barnealdeetan eta igarotako edozein hiri-ingurunetan, pertsonen arteko 1,5 metroko distantziari eustea eta gazte lonjak eta lokalak ixtea. Debekatuta egongo da tabernetan barran edo zutik kontsumitzea

Gainera, jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak 01:00etan itxiko dira.

Joan den uztailaren 22tik indarrean dauden neurriak malgutzeko erabakia hartu da, izan ere, 100.000 biztanleko 400 kasu baino gutxiago izatea lortu du Euskadik, eta birusak transmititzeko gune gorria utzi du. Neurri berriak irailaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

Sagarduik azaldu zuenez: «Aste erabakigarriak dira bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren olatua saihesteko».

 

Ez dute berrogeialdirik egin beharko txertatuek

Ikastetxeetako protokoloan egin dituzten aldaketen berri eman zuen Jokin Bildarratzek. Pasa den ikasturteko neurri nagusiekin jarraituko da: maskara erabiltzen jarraitu beharko dute, garbitasun eta higiene neurriei eutsiko diete, metro eta erdiko segurtasun distantzia mantenduko dute... Beste esparruetan bezala txertatuta dauden ikasleek ez dute berrogeialdirik egin beharko, positibo eman duen pertsona baten kontaktu estuak izanda ere.

Eskolaz kanpoko jardueretan, besteak beste eta ahal den neurrian, eskolako «bizikidetza talde iraunkorrak» mantendu beharko dituzte; metro eta erdiko distantziara egon beharko dute; eta materiala partekatzeko aukera izango dute, baina talde batetik bestera materiala garbituta.­

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!