Ansak bigarren bukatu du ligaxka, Barrenetxearen aurka irabazita

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 30a, 00:00

Imanol Ansa urnietarra, larunbateko norgehiagokan, Galarretan.

Larunbatean, 28-30 itxi zen markagailua urnietarraren alde. Finalerdia larunbat honetan jokatuko dute Ansak eta Barrenetxeak.  

Herenegun, Ansa II.ak Barrenetxea IV.aren kontra neurtu zituen indarrak Buruz Buruzko Txapelketan, Galarretan. Urnietarrak 28-30 garaitu zuen hernaniarra, eta, emaitza horrekin, txapelketako finalerdia jokatuko dute biek larunbat honetan. Final haundia, berriz, irailaren 11n izango da.

Barrenetxea finalerdietarako sailkatuta zegoen, eta Ansak 17 tanto egin behar zituen lehiaketan aurrera egiteko. Eta helburua soberan bete zuen urnietarrak, 17 egin ez ezik, finalerdietako ligaxkako lehen partidua ere irabazi zuelako. Horrela, beraz, sailkapenean bigarren bukatu du, zortzi punturekin.

Ligaxkan, Urriza izan da lehena 12 punturekin; eta, horrenbestez, finalerako sailkatu da zuzenean. Ansa izan da bigarren, zortzi punturekin. Bere atzetik, Barrenetxea sailkatu da, sei punturekin. Eta, azkenik, Juaneneak hiru punturekin itxi du sailkapena.

 

Finalaurrekoa, Ansak eta Barrenetxeak, larunbatean
Herenegun, ligaxka itxi zen Ansaren eta Barrenetxearen aurkako norgehiagokarekin; eta txapelketako semifinala ere, bi protagonista horiek jokatuko dute larunbat honetan. Topaketa bizia espero da, larunbatean jokatutako partiduak finalerdiaren arrastoak eman ditzakela aurreikusi delako.

Partidu parekatua jokatu zuten eta bi pelotarien arteko lehia, gainera, ederra izan zen; ondo jokatutakoa eta erritmo zein abiadura haundikoa. Ansak bikain ekin zion eta 2-9 aurreratu zen markagailuan. Dena den, Barrenetxea, pixkanaka-pixkanaka, tantoak batuz, urnietarrarengana hurbildu zen, 17na berdindu arte. Hortik aurrera, beste hainbat berdinketa ere izan ziren: 18na, 19na, 20na, 21na eta 22na.

Ordurako, bi erremontistek bazekiten sailkatuta zeudela, eta horrek presioa kendu zion jokoari. Barrenetxeak ihes egin eta 28-23koa lortu zuen. Momentu horretan, garaipena hernaniarrarentzat izango zela zirudien. Hala ere, sake falta batek 24-28koa jarri zuen markagailuan, eta, ondoren, Ansak sei tanto egin zituen jarraian, partidua irabazteko.

Denera, urnietarrak 18 tanto egin zituen piloteoan eta akatsak, berriz, 4 izan ziren. Sakearekin, zazpi tanto batu zituen sake falta batengatik. Barrenetxeak, 8 tanto lortu zituen saketik, baina lau falta ere egin zituen piloteoan, huts batengatik,  15 tanto egiteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!