Andoni Urbistondo
Faborito bakarra zegoen gaurko etaparako, baina ez da pronostikorik bete. Ez Fabio Jakobsenek ezin izan duelako, edo aurkariren batek menderatu egin duelako, gurpila zulatu zaiolako helmugarako 1.5 kilometro falta zirela. Deceuninq lan bikaina egiten ari zen beste behin esprinta prestatzen, eta Jakobsenen zulatuarekin planak aldatu behar izan ditu bat-batean.
Alternatiba erraza izan da. Bideratzailea esprinter bilakatzea. Eta ttak, garaipena zorrora. Amorruz ospatu du garaipena Senechal-ek, bideratzaile onak oso kotizatuta badaude ere noizean behin garaipenaren gozoa dastatzea gozamena delako. Jakobsenen garaipen askoren lehen harria da Senechal, baina garaipenak zenbatzerakoan, jendea garaileekin gogoratzen da, ez bideratzaileekin. Ohore, beraz, Senechalentzat. Merezitako garaipena!!!
Etapa zozoa izan da bestelakoan. World Tour mailakoak ez diren talde gonbidatuak ihesean, eta beste guztiak begira. Beti egiten dute ihes Caja Rural, Burgos eta Euskaltel-Euskadi taldekoek, baina World Tour mailako talde asko jarrera pasibo samarra erakusten ari dira. Eta askok ez dute esprinterrik.
Bihar etapa menditsua jokatuko da. Villuercas mendate luze eta gogorra igoko dute bitan. Kilometro dezentek %10etik gorako desnibela dute batez beste, eta errepideak ere estuak dira. Bero egingo du eta 'tabloi' dezente ikusteko arriskua dago.