Ausartei ohore, amarrategiei egurra!

Andoni Urbistondo 2021ko abu. 29a, 18:59

Etapa garaipena lortzeko borrokak eman dio distira Avilako mendietako etapari, Rafal Majkak, batez ere; oilarrek, baina, paso egin dute bigarrenez, eta txirrindularitza gesta asko gertatu diren tokia itsustu
 

Andoni Urbistondo

Loreak eta laudorioak etapa garaipena bilatu duten txirrindulari guztiei, eta egurra eta kritika ikuskizuna ematera deituak zeuden oilar guztiei, ez baitira apenas mugitu. Bigarren egunez jarraian, gainera. Atzo, Villuercas-en, mendate arteko distantziak, eta azken mendatean aurretik jotzen zuen haizeak izan ziren aitzakiak. Ezin jakin gaur ze eskusa jarriko duten, baina mendiko bi etapa on harrikara bota dituzte Roglic bere aldaretik jaitsi nahi dutenek. Batez ere Movistar taldeak, baina baita INEOS eta Bahrein-ek. Egunak badoaz, eta dagoeneko Asturiasko biak geratzen dira diferentziak egiteko. Gaurkoa ere aproposa zen, baina inork ez du arriskatu nau. Amarrategi jarrera da nagusi tropelean, oraino lortutakoa defendatzeko grina, eta arriskurik hartzeko gogorik ez. Eta horrela jai dago. Eta ziklistek jai hartzen badute, ba zaleok ere jai, ezinbestean.

 

Etapako leheh 100 kilometroak ederrak izan dira. Ihesaldiari ihesaldia, sailkapen nagusiari begira arriskutsuak izan zitezkeen txirrindulariak sartzen ihesaldietan, David de la Cruz eta Sepp Kuss bezala. Ordezkaririk sartu ez duten taldeak jazarpenean, Caja Rural bezala, beste ihesaldi bat bilatzeko. Etapako lehen bi ordutan ordu erdi irabazi du tropelak, 50 kilometro orduko batez bestekotik gora, eta tropelak ahalegin guztiak zapuztuko zituela zirdienean, azken unean Rafal Majkak eta Fabio Aruk egin dute aurrera. 15 segundo, aurrena, baina diferentzia gorantz, ondoren, atzetik maila handiko ziklista taldea osatu bada ere: Storer, Poels, Brambilla, Nieve...

 

Talde horretan ez da adostasunik egon aurreko bikoa jazartzeko, eta Majkak Aru atzean uztea erabaki du, indartsuago zihoala ikusita. Erabaki arriskutsua izan da, 78 kilometro luze falta baitziren helmugara. DSMko Hamiltonek lan handia egin du Storer-entzat, australiarrak Majkarekin bat egin zezan. Minutu batera ere izan dute poloniarra, baina Storer-en taldean desadostasuna agertu da berriro, atzetik aurrera txirrindulari gehiago iritsira, eta Majkak ia hiru minuturaino handitu du tartea. Mijares gaiztoa zeukan aurretik, nahiko etzana, baina 20 kilometroko mendate puska. Jazartzen ari zen taldean Steven Kruswijk izan da indartsuena, eta bakarrik ekin do Majkaren bila joateko erronkari. Kilometroz kilometro, Majkaren aldea jaten joan da herbeheretarra, baina ez sobera. 1.25era hurbildu da gehien, baina Majkak egoera kontrolatuta zeukala zirudien. Eta hala izan da, helmugan minutu eta erdiko errenta erosoarekin iritsi baita UAE taldekoa.

 

Tropelari suspentso. Eta handia. Ez da mugimendurik egon. Adam Yates-ena, bakarra, eta helmugatik gertu zegoen hirugarren mailako mendatean. Jokoan segundo gutxi batzuk baino ez. Eta Wanty Intermarche taldea nagusi, tropel buruan, Eiking liderra babesten. Jumbok oso itxura ona eman du. Aurrena Kuss filtratuz ihesaldi arriskutsuan, eta ondoren Kruswijkekin etapa bilatzen. Eta Roglic beti ondo babestua, lider sendoaren itxura emanez. Bihar bigarren atseden eguna. Etzi Kantabria, eta etzi damu Covadonga. Eta gero Gamoniteiru. Eta euria, eta freskura...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!