Buruz Buruzko txapelketako finalerdietako ligaxka gori-gori dago Galarretan. Herenegun, Javier Urrizak Aritz Juanenearen aurka neurtu zituen indarrak, eta 30-17 irabazi zion ligaxkako azkenaurreko partidua. Emaitza horrekin, Urrizak finalerako txartela ziurtatu zuen. Helburua lortzeko, 17 tanto besterik ez zituen behar, baina ezustekoari lekurik ez zion utzi eta erraz irabazi zuen.
Dena den, Juaneneak bizirik jarraitzen du txapelketan. Izan ere, match ball bat salbatu zuen azkenaurreko tantoan. 16rekin, matematikoki txapelketatik kanporatuta geldituko zen, baina errebote zail baten ostean, 17 batzea lortu zuen. Beraz, horrek finalerdietara sartzeko aukera luzatu dio. Horretarako, Ansak 17 tanto baino gutxiago egin beharko ditu gaur, Barrenetxearen aurkako lehian.
Kolpe latza Juaneneak, kontrakantxako horman
Partiduak bixitasuna izan zuen 14-12 arteko markagailura arte, eta parekatuta egon zen. Hala ere, ezustekoa izan zen norgehiagokan; izan ere, Urrizaren bi pareten ondoren, Saldiaseko aurrelariak kontrakantxako hormaren kontra jo zuen eta eskuineko iztarrean min hartu zuen. Horrenbestez, kolpe horrek galarazi egin zion ordura arteko erritmoan jarraitzea.
11-1eko partzial batek, 13-12tik 24-13ra, erabat hautsi zuen partidua. Hamaika tanto horietatik, zazpi sakekoak izan ziren. 0-1 aurreratu zen Juanenea, baina, berehala, Urrizak 7-3koa eta 10-6koa lortu zuen. Momentu horretan, inork ez zuen argi agintzen piloteoan, eta Saldiasekoak markagailua iraultzen asmatu zuenean, tanto batera hurbildu zen markagailuan: 11-10 eta 13-12.
Aurrerantzean, iruindarrak hartu zuen partiduko gidaritza. Sakearekin, min haundia egin zuen eta abantailek gora egin zuten 28-15, 29-16 eta 30-17ko emaitzetan. Ikusleentzat, behintzat, emozioa izan zen; izan ere, Juanenea 17 tanto baino gutxiagotan ez geratzea eta negatiboan batzea lortuko ote zuenaren esperoan izan ziren. Lehen match balla salbatu zuen; baina, orain, txapelketan aurrera egitea ez dago bere esku.