Etxeratze agindua, irailaren 2ra arte

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 00:00

Gobernuaren aginduz, intzidentzia-tasa altua duten udalerriek 01:00etatik 06:00etara bitartean etxean gelditu beharko dute.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren bermearekin, etxeratze agindua luzatuko du irailaren 2ra arte 54 udalerritan. Horietako bi dira Arano eta Goizueta, izan ere, jasotako azken datuek eremu gorrian jarri dituzte bi herriak.  Gaueko etxeratze agindua bete beharko dute, 01:00etatik 06:00etara, 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 250 kasutik gorakoa duten herriek, edota azkeneko astean 125 kasutik gorakoa dutenek. Aranon, azken 14 egunetan, 862,07koa izan da. Eta Goizuetan, berriz, 1.278,41ekoa. Hori horrela, gaueko etxeratze agindua errespetatu beharko dute aranoarrek eta goizuetarrek, datorren ostegunera arte. Inguruko beste hainbat herri ere badira, araua bete beharko dutenak: Arantza, Bera, Lesaka, Oiz, Sunbilla eta Zugarramurdi. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi duenez, hartutako erabakia neurri «egokia eta eraginkorra» da «txertoa hartu duten eta hartu ez duten pertsonen osasuna babesteko».

Kasu positiboak igo dira azken egunetan

Aranon erregistratutako azken kasu positiboa abuztuaren 20an izan zen eta lehenengoa, aldiz, 2020ko urriaren 16an. Denera, 8 zenbatu dira pandemia hasi zenetik. Goizuetari erreparatuta, joan den urteko uztailaren 23an erregistratu zen lehenengo kasu positiboa; eta azkena, herenegun, abuztuaren 25ean. Eta osotasunera, pandemia hasi zenetik, 57 kasu positibo zenbatu dira Goizuetan. Datu horiek guztiak www.nafarroa.eus webgunean daude ikusgai. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!