«Distribuzioak eta enpresak mugituko dira guk mugiarazten baditugu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 26a, 00:00
Esnetako baserritarrak atzo, 'esne martxa'-ren amaieran, Lidl eta Mercadonako aparkalekuetan.

EHNE eta ENBAk antolatuta, 'esne martxa' izan zen atzo, esnearen sektorearen eta produktuaren duintasuna aldarrikatzeko.

Esne sektorearen eta esnearen duintasunaren aldeko mobilizazioa izan zen atzo, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) eta Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) antolatuta. Goizeko 11:00etan abiatu ziren Urbil merkatal zentrotik eta, Hernanitik pasata, Galarretan amaitu zuten ibilbidea, prentsaurreko batekin. Esnetako baserritarrek, 21 traktoretan eta makina bat kotxetan igota, egun bizi duten egoera salatu zuten.

Ibilbidean, bozinak astindu zituzten, eta supermerkatu haundien aurretik pasa ziren beraien aldarrikapenak egiteko. Izan ere, EHNE eta ENBAren esanetan, esnearen gutxieneko salneurriak 0,70 euroan egon beharko luke. Eta supermerkatuetan, aldiz, esne kaxak 0,60 xentimoan edo prezio merkeagoan topa daitezkeela adierazi zuten.

Gero, karabana amaitzean, Galarretan bildu ziren esnetako baserritar guztiak. Lidl eta Mercadona supermerkatuetako aparkalekuak jendez bete ziren, eta baserritarrok esnetan itota, Distribuzio kateek kateatzen gaituzte, edota distribuzioak esnearekin jokatuz akabatzen gaitu bezalako mezuak protagonistak izan ziren bertaratutakoen pankartetan.

Elkartasunerako dei, ENBAk eta EHNEk

Bukatzeko, sindikatuen presidenteek hartu zuten hitza, EHNEtik Garikoitz Nazabaletik eta ENBAtik Iñaki Goenagak. Bi arduradunek esne sektoreak bizi duen egoeraren balorazioa egin zuten, eta azken asteotan egindako lan guztiaren berri eman zieten bertaratutako baserritarrei.

«Aurrera begira ere, zuen guztion babesa beharko dugu. Lortuko dugu pausoak emanaraztea, distribuzioen eta enpresen urduritasun hori zerbaitengatik sumatu dugulako. Baina, horretarako, guk elkarrekin lortu dugun indarrean sinistu behar dugu. Beraiek mugituko dira guk mugiarazten baditugu; bestela, alferrik», itxi zuen prentsaurrekoa EHNEko lehendakariak, Nazabalek.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!